"Salbuespen politikekin" amaitzeko eskatuko du Etxeratek hondartzetan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 2a, 09:23
Iaz presoen alde Zarautzen egindako protesta. (Mikel Eizagirre)

Euskal Herri osoan egingo dituzte mobilizazioak igandean, tartean Orion eta Zarautzen. Sarek ere deitu dituu protestak abuzturako hiriburuetan.

Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak deituta, "oraindik indarrean dauden salbuespen neurriekin amaitzeko eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoei aplikatzen jarraitzen zaizkien eskubideen urraketarekin bukatzeko", protestak egingo dituzte igandean Euskal Herriko hamabost hondartzatan; tartean, Oriokoan eta Zarauzkoan. Bi herrietan 12:00etan jarri dituzte hitzorduak: autobideko zubiaren azpian bilduko dira Orion hondartzara elkartuta joateko, eta Musika plazan Zarautzen.

Uda sasoian urtero egin izan duten protesta da hondartzetakoa, "ikusgarria" izaten delako, eguraldiak laguntzen badu, batez ere. Aurten, ordea, bada bestelako berritasunik; izan ere, lehenengoa izango da preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu dituztenetik. Hori dela eta, leloa aldatu dute aurtengo mobilizazioetarako: Etxera! lelopean egingo dituzte. Iaz, berriz, Salbuespen politikari stop izan zen leloa. Halaber, banderola berriekin hartuko dituzte hondartzak, aldatu egin baititu elkarteak. Etxera da, hain justu, egungo banderoletan irakur daitekeen mezua ere.

Edonola ere, Etxeratek salatu du presoek "oztopoak" izaten jarraitzen dutela etxeratzeko, "salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik". Bide horretan, gradu aldaketarako trabak aipatu ditu Arrate Makazaga Etxerateko kideak: "Egia da preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan daudela, baina preso arruntek baino zailtasun gehiago dituzte legez dagokiena izateko; kondenaren zati jakin bat betetzean espetxetik irtetea ahalbidet­zen duten gradu aldaketak jasotzeko, adibidez. Gainera, asko dira kanpora atera ondoren espetxe barrura itzuli behar izan dutenak helegite baten ondorioz gradu aldaketa bertan behera utzi dietelako. Min handia egiten du horrek". 

Hori horrela, Makazagak argi dio: "Etxeratek lanean jarraituko du preso guztiak etxean izan arte, Euskal Herriratzea ez delako gure eskaera bakarra".


Protesta gehiago


Etxerateko kideak dio urruntze politikaren amaierak "indarra eta itxaropena" ere eman dizkiela lanean jarraitzeko: "Urte luzetan ez zela posible izango zirudien, baina guk beti sinetsi dugu lor zitekeela eta ez dugu amore eman. Horregatik, mobilizazioei eta elkarrizketei eutsi diegu, eta horri esker lortu dugu. Ikusi dugu lana eginda gauzak lor daitezkeela, eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere".

Bide horretan, Sarek ere beste hiru protesta deitu ditu abuzturako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan: larunbatean Gasteizen egingo dute, hilaren 19an, larunbatez, Donostian, eta 25ean, ostiralez, Bilbon.