Dotore janzteko aitzakia izango da larunbatean

Intza Trula 2023ko abu. 1a, 09:00
2022ko Gala Eguneko irudia. (Artxibokoa)

Urtero legez, abuztuko lehenengo larunbatean Gala Eguna ospatuko da herrian. Ohikoa den moduan, argazki txokoa eta hainbat emanaldi prestatu ditu Zumaiako Udalak arratsaldetik hasita.

Urtero egiten den moduan, Gala Eguna ospatuko da larunbatean Zumaian, eta aitzakia bikaina izango dute herritarrek arroparik dotoreenak jantzi eta kalera irteteko. Gainera, arratsaldetik hasi eta gauera arteko egitaraua prestatu du udalak.

Hasteko, 19:00etatik aurrera Saregileen plazan photocall-a egongo da, herritar orok argazkiak ateratzeko. Bertan ateratako argazkiak Baleikeren webgunera igoko dira. Halaber, ordu berean abiatuko da Eusebio Gurrutxagatik Donosti Lindy Hop Dantza eta Kultur Elkartearen kalejira. Horrez gain, gauean ere izango dira emanaldiak; 23:00etan, Kofradian DJ Davilaren emanaldia, eta, Eusebio Gurrutxaga plazan, Loewe Band-en kontzertua egongo dira.