Zumaiako Telmo Deun hamargarren sailkatu da Kantabriako uretan

Mireia Galarza Bastida 2023ko uzt. 29a, 14:00

Camargoko XXXI. Banderaren lehian izan da Zumaiako taldea, Fernando Lopez Lejardiren oroimenezko lehen proban. San Juan nagusitu da, eta atzetik helmugaratu dira Arkote eta Lapurdi.

Gaur izan dute KAE1 ligako mutilek aste honetako estropada Kantabriako uretan. Hain zuzen, Camargoko XXXI. Banderaren lehian izan dira Zumaiako eta Zarauzko taldeak, Fernando Lopez Lejardiren oroimenezko lehen proban. San Juan nagusitu da, eta atzetik helmugaratu dira Arkote eta Lapurdi. Zarautz bosgarren izan da, eta Zumaian hamargarren. 

Bigarren txandan aritu dira bai Telmo Deun eta bai Zarautz Gesalaga Okelan, etxeko Camargorekin eta Pedreñarekin batera. Zarauzko ontzia lehen luzetik aurreratu da, eta horrela eutsi dio estropada osoan zehar. Zumaia, aldiz, atzetik ibili da, eta azkena amaitu du txandan. Camargo izan da bigarren, eta Pedreña hirugarren.

Sailkapen orokorrari dagokionez, Zumaia bosgarren lekuan dago, 67 punturekin, eta Zarautz seigarren, 61 punturekin.

Hurrengo estropada datorren igandean izango dute KAE1eko mutilek. Etxetik gertu izango da hori, Hondarribian, hain zuzen ere. Bertan, XVII. Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiko Banderaren lehian ariko dira bi ontziak. 

Hona hemen gaurko sailkapena:

1 San Juan  19:44,21  
2 Arkote 19:51,74  
3 Lapurdi 19:54,07  
4 Sanpedrotarra  19:59,11  
5

Zarautz Gesalaga Okelan

20:10,20  
6 Pedreña 20:14,35  
7 Camargo 20:14,95  
8 Hondarribia 20:25,62  
9 Busturialdea 20:34,23  
10 Zumaiako Telmo Deun 20:35,06  
11 Deusto 20:38,17  
12 Castro  21:21,49