Askotariko jolasak egiteko elkartu dira uztailean zehar Torreberrin

Intza Trula 2023ko uzt. 28a, 15:32

Kirol eta jolas ezberdinak egin dituzte uztailean zehar Torreberri gaztetxean, Zumaiako Gazte Asanbladak antolatuta. Atzo eman zieten amaiera egitarauari, lagunarteko boleibol txapelketarekin.

Zumaiako Gazte Asanbladak askotariko kirol eta jolasen egitaraua prestatu zuen uztailerako, Torreberri gaztetxean. Atzo izan zuten azken hitzordua, eta lagunarteko boleibol txapelketa jokatu zuten arratsaldean.

Uztailaren 6an hasi zituzten lagunarteko lehiaketak, eta aste hauetan zehar, besteak beste, badminton txapelketa, 3X3 futbol txapelketa, 'kanposantuzka' jolasa eta boleibola egin dituzte. Horrez gainera, arratsalde guztietan pintxo poteaz eta musikaz gozatu dute.