Anette Gonzalez-Etxabarri txapeldunorde taldekako sailkapenean, Europako surf txapelketan

Intza Trula 2023ko uzt. 29a, 09:00
Espainiako selekzioko kideak Europako surf txapelketan –eskuinetik hirugarrena da zumaiarra–. (FeSurf)

Ostegunean jokatu zuten finala Portugalgo Santa Cruz hondartzan, eta Espainiako selekzioarekin aritu zen bertan Anette-Gonzalez Etxabarri. Bakarkako lanari dagokionez, emakumeetan hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen zumaiar gazteak. 

Anette Gonzalez-Etxabarrik Espainiako selekzioarekin taldekako sailkapenean bigarren postua eskuratu du Europako surf txapelketan. Portugalgo Santa Cruz hondartzan jokatu dute txapelketa egunotan, eta taldekako lorpena ez ezik, bakarkako lanean ere jaso du fruitua zumaiarrak: finalean hirugarren postuan sailkatzea lortu du.

Hilaren 20tik 28ra bitartean jokatu dute txapelketa, eta, osteguneko finalean 9,64 puntu eskuratu zituen zumaiarrak, Mafalda Lopes eta Lucia Machado surflarien atzetik. Horri esker brontzezko dominarekin itzuli zen etxera Gonzalez-Etxabarri. Taldekako lehian, berriz, zilarrezko domina eskuratu dute zumaiarrak eta haren taldekideek.