Adinaren muga gaindituz, paladaz palada arraunean

Andrea Zipitria eta Gorka Eizagirre 2023ko uzt. 28a, 13:00

Kirola egiteko aitzakiarik ez dagoela erakutsi dute ABE ligan diharduten eskualdeko ontziek. "Osasuntsu mantentzea" da Orioko eta Zumaiako arraunlari beteranoen asmoa bukatzear duten denboraldian.

Adina ez da oztopo, buruan jarritako muga baizik. Hala diote Orioko eta Zumaiako arraunlari beteranoek. Erakutsi ere egiten dute, uretara ateratzerakoan, sasoia ez baitzaie falta. Hain zuzen ere, eskualdean ABE (Arraunlari Beteranoen Elkartea) ligan parte hartzen ari diren traineruak hiru dira; bi Oriokoak eta bat Zumaiakoa. Duela 11 urte osatu zuten Zumaiako beteranoen trainerua. Berriagoa da Oriokoa, baina aurten, lehen aldiz ari dira parte hartzen Orioren izenean; elkartearen egoitza soziala Zarauztik Oriora aldatu baitute. Hala sortu dute Badok 13 Beteranoen Arraunketa Elkartea –bi traineru dituzte–.

Badok 13ko traineruetako entrenatzailea da Juan Anjel Garmendia Xarpas, eta adierazi duenez, elkartea arraunlari talde heterogeneoak osatzen du, eta "giro ona eta laguntasuna" dira nagusi. "Kirola egiteko gogoak motibatu egiten gaitu, hain errotuta dagoen eta hain geurea sentitzen dugun tostako arrauna bultzatuz eta sustatuz", dio.

A traineruak liga ofizialean "maila bikaina" erakutsi du aurten, denboraldia bukatzera doan honetan, asko baitira lortu dituen banderak, baita ia ligako lidergoa ere; Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu, besteak beste. B traineruak "eskarmentu gutxiagoko" arraunlariak ditu , eta ligan gonbidatu gisa aritzen da estropada bakoitzean, "duintasun eta esfortzu erakustaldia" emanez.

"Adinduen ahalduntzea" lortu nahi dute, "zahartzen ari den gizarte batean ongizatea, bizi kalitatea eta ohitura osasuntsuak bultzatzen dituzten egitasmoak" behar direla iritzita.

Egun, 40 kide inguruk osatzen dute kluba; gizonezkoak eta emakumezkoak daude taldean, gehienak oriotarrak edo Orion bizi direnak. Kirola egitea da asmoa, baina "lehiatzera" ere ateratzen dira uretara.

Arraunlari guztiek "konpromiso maila handia" dute klubarekin eta taldekideekin. "Astean hiru entrenamendu egiten ditugu uretan, eta gainerako egunetan kirolari bakoitzak bere kasa entrenatzen du. Horrek autodiziplina, jarraikortasuna eta motibazio handia eskatzen ditu, prestakuntza fisikoaren zati handi bat arraunlari bakoitzak bakarrik egiten baitu", esan du Garmendiak.

40-65 urte artean

Zumaiako beteranoen taldeak ere astean hiru aldiz entrenatzen du; astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan, hain justu ere. Hala azaldu dute Aitor Aizpurua eta Igor Arana Zumaiako beteranoen taldeko arraunlariek. "Osasuntsu" mantentzea da haien helburua, eta horretan dihardute egunez egun. Zumaiarrak ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat herritako arraunlariak –debarrak, azpeitiarrak, getariarrak edota eskoriatzarrak– daude taldean. Profilak "anitzak" dira, baina "giro apartean" aritzen dira.

Asko gaztetan arraunean aritutakoak dira, baina bada tartean lehen aldiz arraunak hartu dituenik ere. Aizpurua, esaterako, orain gutxi hasi da arraunean. "Korrika ibiltzen nintzen ni, belaunetatik sufritzen hasi nintzen arte. Orduan, arraunean hastea erabaki nuen". Aitortu du arrauna uste baina kirol "gogorragoa" dela. "Sasoi onean egonda, mundua jango nuela uste nuen, baina uretara ateratakoan, txiki geratu nintzen". Triatleta asko izan dituzte taldean, baina arrauna "kirol ezberdina" dela dio.

Tripulazioaren batez besteko adinari dagokionez, 54 urte ingurukoa dela zehaztu dute: "Gazteenak 40 urte ditu, eta zaharrenak 65", azpimarratu du Aizpuruak. Kontuak kontu, beteranoen arrauna kirol "sakrifikatua" dela adierazi dute, "iraunkortasuna" eskatzen duelako. Sekretu bat aitortu du, ordea, Aranak: "Beste mailetako arraunlariekin alderatuz, guk ez dugu dieta zehatzik jarraitzen, nahiz eta agian batzuetan egin beharko genukeen".

Asmoa bakarra da: urtez urte mailaz hobetzean joatea. Aurten sailkapenaren erdialdean geratu dira, kasu askotan zaila egiten baitzaie maila mantentzea beren filosofia tarteko. Izan ere, 32 arraunlari dira, eta guztiek parte hartzen dute. "Bloke bat osatuko bagenu, hobeto ibiliko ginateke txapelketan, baina nahiago dugu arraunlariak aldatzen joatea eta guztiok parte hartzea".