Saltoki erraldoi bihurtu dute erribera kalea egun batez

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 23a, 08:00

Gertu elkartearen ekimenez herriko hemezortzi dendek kanpora atera dute barruan izan ohi duten eskaintza. Eguraldia ere lagun izan dute eta bezero ugari animatu dira erosketak egitera.

Herriko dendek erribera kalea hartu zuten atzo puntatik puntara. Gertu merkatari eta ostalarien elkartearen ekimenez Braderie azoka egin dute, eta, hala, Zumaiako hemezortzi saltokik kanpoan erakutsi zuten denda barruan izan ohi duten eskaintza 10:00etatik 20:00etara.

Eguraldiak berak ere lagundu zien dendariei; izan ere, eguzkitsu eutsi zion egun osoan. Hori horrela, herritar ugari animatu zen erosketaren bat egitera. Zumaiako bizilagunak nahiz bisitariak. Bada, erosketak egitera animatu ziren horien artean, 400 euro zozkatuko dituzte erosketa bonoetan.

Erosleekin lotuta, era berean, saltzaileetako baten hitzetan "aurreko urteetan baino jende gehiago animatu da aurtengoan". Bereziki eguerdian bertaratu zen bezero gehien: "11:00ak aldera hasi eta bazkal ordua arte jende asko ibili da. Gero, arratsaldean ere ibili da jendea, baino goizean baino gutxiago".

Dendak kalera ateratzearekin batera, ekimena girotzeko beste hainbat jarduera ere egin zituzten: haurrei zuzendutako gozoki tarta tailerra, antzerkia eta trikitilariak goizean, eta Zumba ibiltaria arratsaldean egunari amaiera emateko.