Telmo Deunen ontziek hiru estropada jokatuko dituzte asteburuan

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 22a, 08:00
Telmo Deuneko neskak, entrenatzen herrian.

ETE ligako traineruak bi estropada izango ditu eta bakarra KAE1ekoak. Emakumezkoak gaur goizean Sestaon (Bizkaia) eta igandean Astilleron (Kantabria, Espainia) ariko dira, eta gizonezkoak gaur arratsaldean baino ez, Plentzian (Bizkaia).

Bizkaialdean eta Kantabrian (Espainia) lehiatuko dira asteburu honetan ETE eta KAE1 ligetako traineruak, eta hantxe izango dira Telmo Deuneko neska-mutilak ere.

Emakumezkoek jokatuko dute aurrena, gaur 11:00etan dutelako hitzordua Sestaon (Bizkaia). Gizonezkoek, berriz, arratsaldean izango dute hitzordua handik ez oso urrun, 18:30ean Plentzian (Bizkaia).

Bihar, igandea, emakumezkoen trainerua soilik uretaratuko da eta Kantabrian (Espainia) egingo du. Astilleron, zehazki. 10:00etan hasiko da igandeko estropada.

Sailkapenaren goialdean

Emakumezkoek bikain hasi dute traineru denboraldia, eta bigarren dira sailkapen nagusian, 44 punturekin. Kaiku da lider 46 punturekin, eta hirugarrena, Deusto, oso urrun gelditu da, 33 punturekin.

Oraingoz, Kaikuren eta Zumaiaren artean dago ligako txapela.

Gizonezkoak ere sailkapenaren goialdean daude, bosgarren, seigarrenari 8 puntuko aldea aterata. 56 puntu ditu Zumaiak, baina laugarren postua ere urrun dauka, San Juanek 69 ditu eta.