Eduki babestua

Zelai hotel talasoterapia eta Brankada jatetxea, zumaiar denei zabalik

Erredakzioa 2023ko uzt. 21a, 15:26
IƱigo Lazkano, Zelai hotel talasoterapiako zuzendari berria.

Jatetxean menu berezia prestatu dute, eta terrazarako errazioz osatutako karta zabal bat ere osatu dute -etxeko patatak eta txibiak, kroketak, tekeñoak, hanburgesa eta pizzak-. Eramateko jakiak ere prestatzen dituzte.

Ekainean abiatu zuen aro berria Zelai hotel talasoterapiak. Kudeatzaile talde berria sartu zen, eta bultzada berria emateko asmoz, hainbat ekintza eta berrikuntza jarri dituzte abian, adibidez, jatetxe-tabernari izen berria jarri dio: Brankada.

Lehen asteak nahiko “gogorrak” direla onartu duten arren, lanean jarraitzeko gogoz daude: “Udako sasoi betean abiatu dugu gure ibilbidea, antolaketa lanak egiteko astirik gabe, egunerokoa ahalik eta hoberen egiten saiatuz. Eta nola ez, egunero zeruari so, eguraldiak momentuz ez baitigu gehiegi lagundu. Pentsa, Zumaian jasan genuen txingorrada gogorrak jatetxeko teilatua erabat apurtu zuen eta egun batzuez itxi egin behar izan genuen; igerilekua zirudien jatetxeak!. Zailtasunen gainetik, gogotsu eta indartsu ari gara, proiektua aurrera ateratzeko grinarekin”, azaldu du Zelai talasoterapiako zuzendari berria den Iñigo Lazkanok.

Hala, haserako pausoa jatetxeari indarra ematea izan da, jakin baitakite ematen dituen aukerak ugariak direla: “Zumaiako leku paregabean gaude. Terraza, adibidez, zoragarria da, leku gutxi daude horrelako paisaiaz goza dezaketenik, eta publikoari erabat zabaldu nahi diogu, zumaiarrei bereziki. Bati baino gehiagori entzun diegu ez zekitela taberna eta jatetxea irekita zegoenik, beste batzuk soilik hotelaren bezeroentzat zela ere uste zuten. Hala, bai jatetxea eta baita taberna eta terraza ere egun osoz irekitzea erabaki dugu”, aurreratu du Lazkanok.

Jatetxean menu berezia prestatu dute, eta terrazarako errazioz osatutako karta zabal bat ere osatu dute -etxeko patatak eta txibiak, kroketak, tekeñoak, hanburgesa eta pizzak-. Eramateko jakiak ere prestatzen dituzte: “Azken egunetan ikusi dugunez, hanburgesa da arrakasta handia izaten ari den platera. Hala ere, jaki guztien kalitatea nabarmendu nahiko genuke, guztiaren gainetik bermatu nahi dugun gauza da, zerbitzuarekin batera”.

Aurrera begira bide berriak zabaltzen joateko asmoa du kudeatzaile talde berriak, besteak beste, gosarien aukera aztertzen ari dira: “Asteburu honetatik hasita, gosari bereziak eskainiko ditugu, bruntx erakoak, larunbatetan eta igandetan. Tostada bereziak eta bowl edo katilu bereziak ere izango dira. Datozen egunetan ezagutaraziko dugu gure eskaintza hau ere. Burua bor-bor daukagu paraje eta instalakuntzek eskaintzen dituzten aukerekin. Ostalaritza eskaintzaz gain, bestelako aukerak ere ba dira, adibidez, kultura mailako ekintza eta emanaldiak prestatzeko aukera ere eskaintzen digu leku honek. Behin uda igarota, erritmoa motelduko da eta guzti horretan pentsatzen jartzeko aukera izango dugu”, zehaztu du Lazkanok. Hala ere, talasoterapiaren eskaintzari ere buelta bat eman nahi diotenez, udazkenetik aurrera zumaiarrei prezio murriztuko sarrera eskaintzea aztertzen ari direla aurreratu du.

Hobetzeko arloak ere hauteman dituzte dagoeneko: “Brankadako hainbat langile ez da euskalduna eta arreta osoa euskaraz eskaintzea ezinezkoa zaigu. Arantza eta egoera horri buelta ematea da gure helburua, laster abian jarriko dugun euskara plan bat garatuz. Helburua datorren udarako arreta zerbitzua euskaraz eskaintzea da”, adierazi du zuzendari berriak.

Taldeentzat erreserbak

Eskaintza berriaz gozatzeko aukera dute, beraz, zumaiarrek eta kanpotik datozenek. Eta, kuadrillan ere egin daiteke aurrerantzean, urte guztian zehar gainera. Bereziki festa eta egun berezietarako prestatuta daudela gogorazi nahi dute arduradunek: “Une honetan, gertu ditugun egun garrantzitsuetarako menu bereziak prestatu ditugu: Gala egunerako afaria, Euskal Jai egunerako sagardotegi menua, Hernaniko Larregain sagardotegiko sagardo eta txotx kupelarekin, eta Kuadrillen egunerako ere menu berezia prestatu dugu. Abuztuan egun horiek izango dira bereziak. Aurrera begira, urte osoan zehar horrelakoak prestatzen joango gara, eta Brankadako jangela edo terraza egunero zabalik izango dira etorri nahi duen ororentzat”, amaitu du Lazkanok.