Hastear da aurtengo Musika Jaialdia

Intza Trula 2023ko uzt. 21a, 15:37
39. Musika Jaialdiaren aurkezpena. (Intza Trula)

39. edizioa izango da aurtengoa. Uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 6ra bitartean askotariko kontzertuez, antzerki emanaldiez eta solasaldiez gozatzeko aukera egongo da herrian.

Datorren astean emango diote hasiera aurtengo Musika Jaialdiari. 39. edizioa uztailaren 28tik abuztuaren 6ra bitartean ospatuko dute, eta aste horietarako kontzertu, antzerki eta solasaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, "publiko guztiari zuzendutako emanaldiak egongo dira", eta, horrenbestez, "haur, gazte zein heldu" gonbidatu dituzte emanaldietara. 

Hilaren 28an hasiko da Musika Jaialdia, Aita Mari aretoan Udaleku Musikalen jaialdiarekin. Horren ostean, Klarinete Maratoiko laukote irabazlearekin musikaldiko egitarauaren aurkezpena egingo dute.

Bestalde, aurtengo edizioa Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean antolatu dute. Hori horrela, Donosti Ensembleren kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da jaialdiaren azken egunean, abuztuaren 6an, hain zuzen ere. Horren aurrean, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Donostiako Musika Hamabostaldiari "horrelako kontzertu bat Musika Jaialdira ekartzea posible egiteagatik". 

Halaber, San Pedro Abesbatzaren kontzertuan aipamen berezia egingo diote jaialdiaren aurkezpenean Lutxi Manzisidorri, pedagogia musikalean, musika eskolan eta Musika Jaialdian egindako lanagatik.  

Honako hau da Musika Hamabostaldiaren egitaraua:

Uztailak 28, ostirala

  • 12:00. Udaleku Musikalen jaialdia, Aita Mari antzokian.
  • 19:00. Klarinete Maratoiko laukote irabazlearekin, Musikaldiko egitarauaren aurkezpena, Mari kalean.

Uztailak 29, larunbata

  • 20:00. Zumaiako Musika Bandaren, Gasteiz Big Banden eta Tiktararen kontzertua, Eusebio Gurrutxaga plazan.

Uztailak 30, igandea

  • 12:30. Itzalpeko loturak solasaldia, Oxforden.
  • 20:00. Hariak eta hodiak ogano eta biolin kontzertua, Francisco Herreroren eta Gerardo Rifonen eskutik, Parrokian.

Uztailak 31, astelehena

  • 19:00. Bote Prontoan, Esti Curielen eta Maria Zubimendiren familientzat ipuin musikatua, Mari kalean.

Abuztuak 1, asteartea

  • 20:00. San Pedro abesbatzaren Ahotsaren enborretik kontzertua, Parrokian.

Abuztuak 2, asteazkena

  • 20:00. Sapere Aude Sinfoniettaren Itzalpeko loturak emanaldia, Zumaienan.

Abuztuak 3, osteguna

  • 19:30. Las Bodas de Figaro opera proiekzioa, Aita Mari antzokian.

Abuztuak 4, ostirala

  • 20:00. Dantza garaikide emanaldia: Bueltaxka, Osa eta Mujika. Ondoren, Los Perros, Led Silhouette, Odietan.

Abuztuak 6, igandea

  • 20:00. Donostiako Hamabostaldiaren baitan, Donosti Ensembleren kontzertua, Parrokian.