Oporraldi baketsua zaurituta

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 20a, 11:30

Darahli elkarteko kideak eta begiraleak Larrabetzuko Bakeleku udalekuan, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetatik etorritako hamasei haurrekin. (Darahli Elkartea)

Saharako haur errefuxiatuak iritsi dira eskualdera. Ez dira duela urte batzuk bezainbeste, baina prest daude astebururako antolatu dizkieten jarduerekin gozatzeko. 

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 8 eta 9 urteko hamabi haur iritsi ziren joan den astean Urola Kostara,  eta etxean hartu dituzten familietan pasatuko dute uda. Oporrak Bakean programaren bitartez bideratu dute haien etorrera Zarauzko Saharautz elkarteak eta Zumaiako Darahlik. Azken honek, gainera, Bakeleku udalekua ere antolatu du Larrabetzun (Bizkaia), eta beste hamasei haur ere hartu dituzte bertan.

Darahliren eskutik Euskal Herrira etorritako haur horiek guztiek elkarrekin igaroko dute datorren asteburua. Horregatik, hainbat jarduera antolatu ditu elkarteak bihartik igandera bitartean. Zumaia, Zestoa eta Pasai Donibane ezagutuko dituzte. Pasaian, gainera, festa handia antolatu diete: Euskal Herrira etorri diren Mendebaldeko Saharako txiki guztiei eskainitako ongi etorri festa, hain zuzen ere.

Larrabetzutik etorriko diren umeei ostatu emateko familia bila aritu da Zumaiako Gobernuz Kanpoko Erakundea, eta Maddi Amilibia gaztea da sahararrak etxean hartuko dituen kolaboratzaileetako bat. Aste Santuan errefuxiatuen kanpalekuak ezagutzeko aukera izan zuen Amilibiak, eta joan den aste osoa Larrabetzun igaro zuen begirale lanetan. "Lehen aldiz aritu naiz begirale gisa, eta oso esperientzia ederra izan da benetan. Gainera, berriro konektatu dut kanpalekuetan bizitakoarekin", azaldu du.

Are gehiago ere zehaztu du Amilibiak: "Sentitu dut laguntza hemen askoz handiagoa eman dudala hara joan nintzenean baino". Halaber, nabarmendu du "oso lotura estuak" sortu dituztela Saharako haurrekin: "Egun osoa pasatu dugu elkarrekin eta hizkuntza bera hitz egiten ez dugunez, komunikatzeko beste bide batzuk bilatu behar izan ditugu. Hemengo umeekin desberdina da". Hori horrela, "errepikatzeko irrikaz" dago eta Larrabetzura itzuliko da abuztuan. Horrez gain, begirale titulua lortzeko ikastaroa egiteko asmoa du uda amaieran.

Kolaboratzaile gutxiago

Samuel Ruiz Darahli elkarteko koordinatzaileak zehaztu duenez, pandemia ostean antolatu dituzten lehen udalekuak dira aurtengoak. Edonola ere, haur kopurua erdira murriztu dute; izan ere, lehen 30 lagun ekartzen zituzten.

Ruizek azaldu du, halaber, gero eta familia gutxiagok hartzen duela parte Oporrak Bakean programan, haur sahararrak etxean hartzeko egitasmoan, eta, azken finean, udalekuak antolatzearen arrazoi nagusia horri erantzun bat ematea dela. "Desertuan kokatuta dauden errefuxiatuen kanpamentuetako bero itogarritik ahalik eta haur gehien atera nahi ditugu, eta familiak lortzea gero eta gehiago kostatzen zaigunez, talde bat osatu eta udalekuak antolatzen ditugu". Horrek, ordea, elkartearen lan zama nabarmen handitzen duela dio Darahliko koordinatzaileak: "Proiektuak aurkeztu behar ditugu batean eta bestean, umeak hartzeko lekua eta finantzazioa lortzeko, baita umeak zaintzeko nahikoa kolaboratzaile ere".

Ruizek aitortu du begirale taldea osatzea ere zailagoa izan dela aurten: "Beste urte batzuetan, guztira 70 begirale inguru aritu dira gurekin, txandaka, astez aste. Aurten, 45 inguru izango dira. Saharako kanpamentuetara eraman ditugun gazteekin osatu ohi dugu begirale taldea, baina aurten beste gazte batzuengana ere jo behar izan dugu. Bigarren batxilergoa amaitu berri duten ikasleekin egin dugu azken bidaia, DBH4koekin beharrean, eta asko lanean ari dira udan. Hala ere, ahal duten neurrian laguntzen saiatzen dira eta libre dituzten egunak baliatzen dituzte udalekuetara etortzeko. Eskertuta gaude".

Konpromisorik ez 

Xabier Euzkitze Zarauzko Saharautz elkarteko lehendakaria ere kezkatuta agertu da Oporrak Bakean programa izaten ari den erantzunarekin. Izan ere, duela urte batzuk 33 haurren harrera bideratzetik, soilik hirurena bideratzera igaro dira aurten.

Beherakada horri zergatia topatzen ere ahalegindu da Saharautzeko lehendakaria: "Elikagai karabanarako janari bilketa egiten dugunean ona izaten da erantzuna, baina gero eta jende gutxiago dago prest bi hilabeteko konpromisoa hartzeko, eta are gehiago bere ohiturak aldatu behar baditu eta udako oporraldia baldintzatu behar badu. Ez dakit gizartea gero eta indibidualistagoa ote den, baina programa gure eskualdean, behintzat, larri zaurituta ikusten dut. Hilzorian ez dut esango oraindik".