Arturo Lopez madrildarrak irabazi du Zumaiako 35. Argazki Lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 20a, 11:05

Nazioarteko hainbat herrialdetatik bidali dituzte lanak eta zumaiarrek aurkeztutakoen artean Jorge Murgiondorena izan da onena epaimahaiarentzat.

Distira elkarteak antolatuta, 35.ez egin dute Zumaiako Argazki Lehiaketa eta Arturo Lopez argazkilari madrildarrak irabazi du aurtengo edizioa Diferente deitu duen lanagatik. Lopezek atzo jaso zuen bere saria Osxforden egindako ekitaldian, eta bertan azaldu zuenez, duela lauzpabost urte Etiopiara egin zuen bidaian atera zuen argazkia. Irudian, haur bat ageri da gora begira Afrikako herrialde horretako erlijio-erritual batean, gainerako guztiak bera begira bizkarrez ageri diren bitartean.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, epaimahaiak hasieratik izan zuen garbi argazki onena madrildarrarena zela. Aldiz, zalantza gehiago izan zituzten bigarren eta hirugarren sailkatuak izendatzeko. Bada, Juan Luis Duranen A la luz de las velas lana izan da, azkenean, bigarren argazkirik onena eta Manel Puigcerverren Volando hirugarrena.

Zumaiar onenaren saria, berriz, Jorge Murgiondok irabazi du Viaje con el suegro lanagatik. Lopezek bezalaxe, atzerrira egindako bidaia batean atera zuen argazki saritua Murgiondok. Indiara, zehazki. Era berean, epaimahaiak ez du buru hauste handiegirik izan zumaiar onenaren lana zein zen ebazteko, zeren, Murgiondorena izan da lehiaketa orokorreko finalera sailkatu den lan bakarra zumaiarrek aurkeztutakoen artean.