GUKA GARA

Izena izen, "geurea"

Erredakzioa 2023ko uzt. 13a, 13:22
Artxiboko irudian, Erribera kalea.

2023ko ekaineko BALEIKE aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Bertakoa eta anitza, eragileen eta herritarren bozgorailu, eta euskararen aterpe. Horrela defini daiteke euskarazko toki komunikabide bat. Horrela defini daiteke BALEIKE. Herriko gertaera garrantzitsuen berri eman du sortu zenetik, eta hain garrantzitsutzat jo ohi ez ditugun beste mila eta bat istorio handi eta txiki ere kontatu ditu. Gertaerak eta istorioak daude alde batean; bestaldean, bazkideak, irakurleak, erabiltzaileak, eragileak. Toki hedabide batek behar-beharrezkoak ditu horiek guztiak, eta herritarrek eta eragileek ere funtsezkoak dituzte BALEIKE bezalako herri komunikabideak beren lana, iritziak zein salaketak plazaratzeko, nahiz informatuta egoteko.

Eragileen sostengu, herritarren informazio iturri

Tokiko komunikabideen garrantzi hori argi dute, esaterako, Aitor Ramosek eta Itsaso Aldalurrek. Musikaria eta Dardara musika kolektiboko kidea da Ramos; Larraina euskara elkarteko eta abesbatzako kide eta Herri Eskolako irakaslea Aldalur. "Baleike.eus atarian komunitateko kide dira bai Herri Eskola, bai Larraina, bai abesbatza. Oso esanguratsua da hori; herrian gure berri emateko tresna sentitzen dugu BALEIKE", azpimarratu du Aldalurrek. "Eskaintzen zaigun tresna hori, komunikabide hori, euskaraz izatearen garrantzia ere nabarmendu nahi nuke", gaineratu du.

Aitor Ramos: "Niretzat berezitasuna da herrikoa bertakoa dela eta herrian geure sentitzen dugula"

 



BALEIKEren berezitasuna zein den galdetuta, erantzuna argi du Ramosek ere: "Niretzat berezitasuna da herrikoa bertakoa dela eta herrian geure sentitzen dugula. Bide egokia da Zumaiako kontuez eguneratuta egoteko. Esaterako, azken aldizkarian futbolari izandako herritar baten berri izan genuen, eta nik behintzat ez neukan haren arrastorik. Egunerokotasunaz informatzeaz gain, gertu dugun jendearen berri edo haien istorioak gerturatzen dizkigu BALEIKEk". Herriko eragile ez ezik, aldizkariko bazkide ere bada Ramos.

Aldalurrek ere garrantzia eman dio bertakoa, tokikoa, izate horri. "Herritik eta herriarentzat sortu zen BALEIKE. Zumaiako talde txiki batek hasi zuen bidea, eta gero, handitzen joan da; dimentsio bat hartu du", azaldu du. "Jaialdi edo emanaldi bat dugun bakoitzean, beti prest agertzen dira hori zabaltzeko, batez ere webgunean. Inoiz ez dugu ezezkorik jaso, beti egon dira laguntzeko, eta eskertzen da", iritzi dio Ramosek. Bide beretik mintzatu da Aldalur: "Uste dut funtzio soziala duela eta herritarrek erabiltzen dutela herriko berri jasotzeko nahiz emateko. Herriko eguneroko dinamikan martxan dagoen zerbait da, badauka bere tokia".

Itsaso Aldalur: "Herriko eguneroko dinamikan badu bere tokia  BALEIKEk, funtzio soziala du"

Urteetako lanaren poderioz egin du toki hori BALEIKEk zumaiarren egunerokoan, urratsez urrats, talde lanean eta batzearen indarrean sinetsiz; horregatik, etorkizuna GUKA proiektuaren aterkipean ikusten du BALEIKEk, funtsari eusteko: bertakoa eta anitza izatea, eragileen eta herritarren bozgorailu, eta euskararen aterpe.