Igon Manzisidor: "Distantzia luzeak, lasterketaz gain, abentura kutsua ere badu"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 12a, 15:00

Igon Manzisidor korrikalaria Besaingo podiumean, Ehunmilak lasterketa bigarren amaitu ondoren. (Goierriko Hitza)

Bigarren sailkatu da Igon Manzisidor (Deba, 1979) joan den asteburuan jokatutako Ehumilak lasterketan, 168 kilometroko mendi trailean, hain zuzen. Proba luzeak ditu gogoko Zumaian bizi den korrikalariak, eta hark azaldu duenez, bere gorputza "ezagutzeko eta muturrera eramateko" aukera ematen diote horiek.

Balentria ederra egin duzu asteburuan. Bigarren helmugaratu zara Ehunmilak lasterketan, 168 kilometro 24 ordutan eta 44 minututan eginda. Gustura al zaude egindako lanarekin?

Ez nuke esango balentria handia izan denik, baina gustura nago, bai. Bost bat aldiz egin dut lasterketa, lehen aldiz 2010eko lehenengo edizioan, eta jada neurria hartua diot probari. Emaitza aldetik aurtengoa izan da onena bigarren helmugaratu naizelako, eta denbora aldetik ere, 2019koa hobetu dut minutu gutxi batzugatik bada ere; laugarren egin nuen orduan.

Lasterketaren buruan egin zenuen zati handiena, baina irabazleak hogei minutuko aldea atera zizun azkenean. Penaz geratu al zara garaipenak azken txanpan egin dizulako ihes?

Hamabost minutuko errenta izan nuen hainbat kilometrotan, baina 142. kilometroaren inguruan, Oazurtzara iristean, minutu eta erdira murriztu zuen aldea lasterketa irabazi zuen Jesus Bailok. Azken anoa gunean elkar ikusi genuen, eta amaieran aitortu zidan ni ikusi ondoren sekulako saioa egin zuela azken hamar kilometroetan atzean uzteko. Ni, berriz, ezinean ibili nintzen bukaeran, mareatzeko puntuan. Gaitasunik ez nuen erritmoa altxatu eta estutzeko. Gainera, hori eginez gero, handia zen lurrera bota eta ordubetez atseden hartzeko arriskua. Esan zidatenez, hirugarren sailkatu zen korrikalaria urrun zegoen, eta nahiago izan nuen nire erritmotik atera gabe helmugara iristea.

Ez al zenituen indarrak ondo neurtu?

Lizarrustitik Etxegaratera arteko tartea izan zen gakoa. Ordura arte, zoru lehorrarekin egin genuen ia lasterketa osoa, baina aipatutako tarte horretan putzu asko topatu genituen gauean euria egin zuelako, eta hankak eta galtzerdiak busti egin zitzaizkidan. Ondoren, oinak egosi zitzaizkidan, eta asko sufritu nuen aldapan behera, babak atera zitzaizkidalako eta azala dantzan nuelako. Mina tarteko, erritmoa jaitsi behar izan nuen. Horregatik, babarik izan ez banu, azkarrago joan nintekeelakoan nago.

Aipatu duzunez, beste lau bider, behintzat, egin duzu Ehunmilak lasterketa. Zerk egiten du proba hori hain berezi?

Euskal Herrian horrelako distantzia luzean egiten den proba bakarra da, eta ibilbide luzeak gustatzen zaizkigun korrikalariak proba horretan biltzen gara askotan. Beti ez dut parte hartu izan, tartean beste lasterketa batzuk ere tokatzen direlako eta aukeraketa egin behar izaten delako. Aurten berriro egin dut, eta gustura nago, esan bezala, ondo atera zaidalako.

Ibilbide luzeak gogoko dituzula aipatu duzu. Aurten Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK egin duzu bigarrenez, Euskal Herriko Mendi Erronka ere egindakoa zara... Zer dute ibilbide luzeek?

Beti gustatu izan zaizkit ibilbide luzeak. Hogeitaka urte nituenean eta Zumaiako triatloi taldean hasi nintzean ere, luzera jotzen nuen. Familia izan nuenean, mendian entrenatzeko denbora gutxiago izaten nuen, baina hala ere, nahiago izaten nituen lasterketa luzeak. Iazko udan egin nuen orain arteko lasterketarik luzeena Suitzan, 367 kilometrokoa, Ehumilaken bikoitza. Proba hartan ere oso ondo sentitu nintzen; lan txukuna egin nuen eta esperientzia polita izan zen.

Distantzia luzeak, lasterketaz gain, abentura kutsua du. Emaitza ona lortzea izan daiteke zeure buruari jartzen diozun helburua, baina ni ez naiz profesionala, maila herrikoian aritzen naiz eta helmugara iritsita konforme nago tartean esperientzia ederra bizitzen baldin badut. Nire gorputza ezagutu eta muturrera eramatea gustatzen zait, bai fisikoki, baita psikologikoki ere. Gero eta distantzia luzeagoetan aritu, orduan eta gorabehera gehiago izaten dituzu eta muturretik gertuago egoten zara.