Garaipenak ihes egin dio Telmo Deuni etxeko estropadan

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 9a, 13:14

Zumaiako itsas eremuan jokatu dituzte gaur ETE eta KAE1 ligak, eta emakumezkoek irabazteko aukerak zituzten arren, azkenean Kaikurentzat izan da bandera.

ETE ligako hirugarren garaipenaren bila atera dira Telmo Deunekoak gaur etxean bertan jokatutako lehian. Uretaratu aurretik, urduri zeudela aitortu dute arraunlariek, eta azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan dute; etxeko bandera Kaikuk eraman du gaurkoan.

Denborarik bizkorrena egin ez arren, estropada ona egin dute beste behin zumaiarrek. Kaikuk 11:37,53 denboran egin du estropada, eta Telmo Deunek 11:45,58 denboran. Tarte handia atera dio hirugarren egin duen Deustori, ia hamabost segundokoa, 12:03,79 denbora egin baitu hark.

Kontuak kontu, puntu garrantzitsuak eskuratu dituzte zumaiarrek, eta sailkapen nagusian bigarren dira, Kaikurengandik puntu bakarrera.