Helene Alberdi eta Adnan Mustafic izan dira bizkorrenak Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldian

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 8a, 20:52

Taosa igeriketa taldeak antolatuta, 150 partaide inguruk egin dute hiru kilometroko zeharkaldia Itzurun hondartzatik abiatu eta errioko arranplaraino. Aurrez, 35 haur eta gaztetxo aritu dira igerian; gazteenek 500 metro egin dituzte Talaipetik arranplara, eta besteek, kilometro osoa, Santiago hondartzatik abiatuta.

Jende ugari elkartu da gaur arratsaldean arranplan nahiz Itzurun hondartzan. Asko beroak erakarrita egon dira gune horietan, baina beste asko elkartu dira Taosa igeriketa taldeak antolatzen duen Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldia ikusteko.

Ohi bezala, gaztetxoen probarekin hasi da jardunaldia 17:30ean. Gazteenek 500 metro egin dituzte igeri, Talaipetik abiatu eta arranplaraino. Zaharragoek helmuga bera izan dute, baina Santiago hondartzan hasi dute saioa, eta distantzia bikoitza egin dute; kilometroa, alegia. 35 gaztetxok parte hartu dute guztira.

18:15ean abiatu da, berriz, helduen proba. Itzurun hondartzatik atera, eta eskuinetara egin dute 150 partaide inguruk, aurrena itsaso zabalean, eta errioan gora gero, arranplan helmugaratzeko. Hiru kilometroko distantzia egin dute, eta bizkorrena Adnan Mustafic bizkaitarra izan da gizonezkoetan. 35 minutu eta lau segundoan amaitu du proba. Emakumezkoetan, garaipena Helene Alberdi zumaiarrarentzat izan da. 38 minutu eta sei segundoan igaro du helmuga Alberdik, eta sailkapen orokorrean ere aurre-aurrean ibili da, laugarren izan baita.

Gizonezkoetan Xabier Labaka bergararra izan da bigarren (36:32) eta Iñigo Eizagirre zarauztarra hirugarren (37:24). Emakumezkoetan, Ana Vega tarte txikiarekin helmugaratu da Alberdiren atzetik, soilik lau segundo atzerago (38:10). Hirugarren emakumezkoa Ihintza Urain azkoitiarra izan da (42:34).

Aurreneko zumairrak, berriz, Alberdi bera eta Andoni Garcia izan dira. Hamabigarren postuan sailkatu da azken hori, 39:43 denbora eginda.

Proba amaitu ondoren giro polita sortu da arranpla inguruan, kirolarientzat ohiko jakiez gain hanburgesak eta garagardoa bezalako edariak ere prestatu dituztelako antolatzaileek.

(Bihar bideoa protagonisten adierazpenekin).

SAILKAPENAK: hemen ikus daitezke hiru probetako sailkapenak.