Asier Albite, San Ferminetako entzierroen esatari EITBn

Intza Trula 2023ko uzt. 8a, 15:28
Asier Albite San Ferminetako entzierroen esatari lanetan. (EITB.eus)

Duela urtebete lortu zuen EITBk entzierroak euskaraz emititzeko baimena. Zezen eta ganadutegien aditu modura dabil platoan Albite zumaiarra.

Asier Albite zumaiarra San Ferminetako entzierroen esatari arituko da EITBn, festak iraun bitartean. Duela urtebete lortu zuen EITBk entzierroak euskaraz emateko baimena, eta zuzenean ikus daiteke Eitb.eus web orrian, egunero, 07:45etik aurrera.

Albaitaria da izatez Albite, eta zezen eta ganadutegien munduan murgilduta darama urte mordoa. Inguruko herrietako zezen ekitaldiak ere gertutik ezagutzen ditu, eta duela bi aste jaso zuen EITBko platoan entzierroez mintzatzera joateko eskaintza.

Halaber, ez da bertan dagoen lehen aldia; izan ere, aurreko urtean hiru egunez esatari lanak egiten aritu zen plato berean.  Aurtengoan, berriz,  zazpi egunetan parte-hartzera gonbidatu dute. Atzo izan zuen lehen eguna, eta ikusleei entzierroetan protagonista diren zezen eta ganadutegi bakoitzaren nondik norakoak azaltzea da bere lana.