Locarnoko Nazioarteko Zinemaldirako hautatu dute 'Negu Hurbilak' fikziozko filma

Intza Trula 2023ko uzt. 6a, 11:57
Negu Hurbilak filma. (Negu Kolektiboa)

Ekain Albite zumaiarra da film honen zuzendarietako bat. Negu kolektiboaren lanak Cineasti del Presente sailean izango du mundu mailako estreinaldia, abuztuaren 9an.

Bartzelonako D'A Film Festival, L ’Alternativa, Tarragonako REC, Xixongo Semilleru LAB edota Palmako Atlantida Film Fest jaialdietako industria sailetatik igaro ondoren, Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatuko da Negu Kkolektiboaren lehen fikziozko film luzea. Negu Kkolektiboaren parte eta film honen zuzendarietako bat da, hain zuzen ere, Ekain Albite zumaiarra. Cineasti del Presente sailean lehiatuko da Negu hurbilak, mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa atalean.

Hori horrela, abuztuaren 9an emango dute lehen aldiz Negu hurbilak; isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko film horrek ihesaldi baten istorioa kontatzen du. Grabaketak Zubietan (Nafarroa) egin dituzte, eta bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur aktore profesionalak parte hartu du, neska protagonistaren azalean jarrita. Zuzendari lanetan, berriz, Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofre eta Adria Roca aritu dira. Maluta* films eta Cornelius Films dira fikziozko film horren ekoizleak.

Honako hau da lanaren sinopsia: "ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da".

Kolektibo bat

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak osatzen dute filma egin duen Negu kolektiboa. Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolan (ESCAC) ezagutu ziren lagun horiek, eta duela lau urte sortu zuten gaur egun Negu kolektibo izenez ezagutzen den taldea. 

Taldearen lehen proiektua Euskal Herrian errodaturiko Erroitz filma izan zen, eta urtebete geroago ekin zioten bigarren proiektuaren ekoizpenari; Uhara, 16 mm-tan errodaturiko metraje erdiko pieza, izandako gaztaroa eta orduko energia irrikatzearen ingurukoa. Aipatutako bi proiektu horiez gain, Kataluniako errealitatearen inguruko sorkuntza batzuk ere landu zituzten, hala nola 16 mm-tan filmatutako A rabassa morta.

Denbora aurrera joan ahala, "konplizitatea, esperientzia eta baliabideak" partekatu dituzte kolektiboko kideek, eta zinemaren esparruko kide berriak batzen ere hasi ziren, baita ingurune akademikotik kanpokoak ere. Orain, kolektiboa inoiz baino "indartsuago" dagoela azaldu dute: "Gogoa eta grina batzen jarraitzen dugu, bizitzaren konplexutasunaz eta benetakotasunaz hitz egiten duten proiektuak eraikitzen eta sortzen jarraitzeko".