Euskarazko errotuluetarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du udalak

Intza Trula 2023ko uzt. 4a, 12:00
Zumaiako establezimendu bat. (Zumaiako Udala)

Kanpoko errotuluak, toldoak, erakusleihoetako itsasgarriak eta beste hainbat euskarri barnebiltzen ditu deialdiak. Eskaera azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Zumaiako Udalak euskarazko errotuluetarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du, eta azaroaren 30era arte izango dute interesdunek beharrezko dokumentazioa aurkezteko aukera. Urteak daramatza udalak establezimenduetan euskarazko errotuluak jartzeko laguntzak eskaintzen. Euskarri horiek era askotakoak izan daitezke, hala nola kanpoko errotuluak, toldoak eta erakusleihoetako itsasgarriak. Zumaiako Udalak errotulu horien kostuen %50 ordainduko du, betiere 300 euroko muga gainditu gabe. 

Dirulaguntza eskatzeko beharrezkoa izango da baldintza batzuk betetzea:

  • Establezimenduak helbide fiskala Zumaian izatea.
  • Eskatzaileak zerga betebeharrak eguneratuak.
  • Udalaren baimena (toldoak eta antzekoak jartzeko)
  • Errotulua euskaraz eta zuzen idatzita egotea.

Hori horrela izanik, ez dira diruz lagunduko errotulu elebidunak. Era berean, ez dute laguntzarik emango izen berezia bakarrik agertzen denean; establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko da irizpidetzat.

Dirulaguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa honako hau da:

  • Eskabidea beteta.
  • Euskaraz jarritako errotuluaren edo toldoaren faktura (2023koa) eta ordaindu izanaren agiria.
  • Jarritako errotuluaren argazkia.
  • Hirugarrenen alta emateko agiria, banketxean sinatuta eta zigiluz jota, aurrez aurkeztu ez bada.

Interesdunek Euskara Zerbitzuan eta Udalaren webguneko dirulaguntzen atalean izango dituzte eskuragarri deialdiari buruzko xehetasun guztiak. Eskaera telematikoki egiteko aukera ere badago, zumaia.eus guneko Herritarren Atarian.