Udal eraikinen garbitzaile bat aldi baterako kontratatzeko prozesua hasi du Zumaiako Udalak

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 4a, 08:00

Hilaren 11ra bitartean izango dute lanpostuarekiko interesa duten herritarrek izena emateko aukera. Lanbideren bitartez egingo du udalak hautaketa prozesua, merezimenduen balorazioaren bidez. Kontratatuko ez dituen hautagaiekin lan poltsa eratuko du erakundeak.

Zumaiako Udalak aldi baterako udal eraikinen garbitzaile bat kontratatzeko prozesua jarri du martxan. Lanbideren bitartez egingo du erakundeak prozesua, merezimenduen balorazioaren bidez. Gainera, kontratatuko ez dituen hautagaiekin lan poltsa eratuko du udalak, lanpostuari lotuta sor daitezkeen aldi baterako beharrei erantzun ahal izateko.

Lanpostuarekiko interesa duten herritarrek hilaren 11ra bitartean izango dute izena emateko aukera, Lanbideren webgunean. Gainera, epe horren barruan aurkeztu beharko dituzte hautagaiek merezimenduen egiaztagiriak Zumaiako Udaleko erregistroan. Lanpostuaren oinarriak honako lotura honetan irakur daitezke.