Iñaki Osa Goikoetxeak herritarren omenaldi hunkigarria jaso du Aitzuri pilotalekuan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko uzt. 1a, 10:20

Zumaiako frontoia jendez bete da Iñaki Osa Goikoetxearen agurrean. Master Series txapelketako finala galdu badu ere, herriaren berotasuna jaso du kirolariak.

Atzo arratsaldean emozio handiko momentuak bizi izan ziren Aitzuri pilotalekuan. Herriko frontoia leporaino bete zen eta sarrerak agortu egin ziren Iñaki Osa Goikoetxearen agurra bertatik bertara ikusteko. 27 urteren ondoren erretiroa hartuko zuela iragarri zuen duela astebete inguru, eta udan zehar hainbat partida jokatuko baditu ere, atzokoa izan zen etxean jokatu zuen azken partida.

Jaialdia Arbe-Uranga eta Cosme-Zabala bikoteen lagun arteko partidarekin hasi zen; tartean ziren Cosme Agirre eta Unai Uranga zumaiarrak. Cosme Agirre nagusitu zen Zabala lagun zuela, eta garaipena lortu zuten, bi set eta huts (13-15, 8-15).

Jarraian jaialdiko partida nagusia jokatu zen; irrikaz zeuden zaleak, eta publiko artetik atera ziren lau pilotariak zaleen oihu eta txalo zaparrada artean. Goiko eta Manci atzetik joan ziren markagailuan, Barandika eta Lopezen aurka. Ikusleek emozioa nahi zuten baina markagailuak ez zuen lagundu. Urdinek gogor jarraitu zuten partida guztian zehar, eta Barandika eta Lopezentzat izan zen garaipena, 13-15, 8-15 emaitzarekin.

Partida bukatu bezain laster lehertu da emozioa Aitzurin, omenaldi hunkigarria jaso baitzuen Iñaki Osa Goikoetxeak herritarren partetik. Arritxu Iribar kazetaria aritu zen aurkezle lanetan, eta Masterseko sariak banatu ondoren, omenaldik egin zioten zumaiarrari. Aitana alabak aurreskua dantzatu zion aitari eta Iker semeak txapela jantzi. Jon Maiak ere argi adierazi du zumaiarrek pentsatzen dutena: "Goiko handia izan da baina, handiagoa Iñaki".

Azkenik, Mugerzak, frontoian Goikoren lehen maisua izandakoak, oparia egin zion: Gaztaina landarea. Gaztainondoa, xistera egiteko erabiltzen den materiala da, hain zuzen ere. Goikoetxea Mugerzak ereindako hazitik etorri zen, eta bertaratu zirenek sentitu zuten Zumaian beste hazi bat erein zela atzo. Orain zesta-punta berria lantzea tokatzen da herrian, etorkizunean emankorra izan dadin.

Argazkiak: GUK JAI ALAI