Odriozola-Iribar eta Larra-Izarra bikoteak garaile pilota txapelketa herrikoian

Maria Maya Manterola 2023ko eka. 30a, 17:00

San Pedro jaiekin batera jokatu dituzte palazko eta eskuzko pilota txapelketa herrikoietako azken partidak. Eskuz, Odriozola eta Iribar bikotea izan da nagusi; palaz, Larra eta Izarra.

Urtero bezala, San Pedro jaiekin batera jokatu dituzte pilota txapelketa herrikoiko azken partidak Odieta frontoian. Herenegun, asteazkena, eskuzko partidak jokatu zituzten, eta atzo, San Pedro Egunez, palazkoak. Odriozola-Iribar eta Larra-Izarra bikoak izan dira nagusi txapelketetan, hurrenez hurren.

Eskuzko finalaren kasuan, Odriozola eta Iribar gailendu ziren, Etxabe-Oliden bikoa 10 tantorekin utzita. Palaz, berriz, ozta-ozta eskuratu zuten garaipena Larrak eta Izarrak, 22 eta 21 egin baitzuten Zendoia eta Oskarbiren aurka. Kopako finalean, berriz, Akuxi eta Iriondo nagusitu ziren.