Lucia Lacarrak urrian eskainiko duen ikuskizunerako sarrerek deskontua izango dute zumaiarrentzat

Intza Trula 2023ko eka. 30a, 14:00
Lost Letters.

Lost Letters emanaldia eskainiko du urriaren 22an dantzari zumaiarrak, Bilboko Arriaga Antzokian.

Lucia Lacarrak emanaldia estreinatuko du urrian, eta bertaratu nahi duten herriko zaletuentzat eskaintza berezia egin du; 100 sarrera eskuratzeko aukera izango dute zumaiarrek prezio berezian. Lacarrak herritarrei %20ko deskontua eskainiko die, hori horrela, sarrera bakoitzaren prezioa 36 eurokoa izan beharrean, 28,80 eurokoa izango da. Horrez gain, kultura sailak Bilborako joan-etorria erraztuko die zaletuei.

Lost Letters izeneko azken lana da Bilboko Arriaga Antzokian estreinatuko duena. Urriaren 22an izango da, 19:00etan. Emanaldiaren parte diren irudiak Zumaiako San Jose komentuan, San Telmo ermitan eta Itzurunen grabatutakoak dira. Halaber, proiektuaren zuzendarietako bat da Ekain Albite zinemagile zumaiarra.

Sinopsia:

"Historiako gerra guztietan, gudu-frontean eskuz idatzi eta etxean kezkaz beteta erantzundako gutunak ezinbesteko konexioa izan dira soldaduen eta haien familia eta gertukoen artean. Baina, zer gertatuko litzateke gutun horietako bat galdu izan balitz? Frank Bracey, Lehen Mundu Gerrako artillariak emazte Wini idatzitako gutun batean oinarrituta, Lost Lettersek irudikatzen du nola aldatuko litzatekeen emakume horren patua senar maiteak bidalitako gutuna inoiz jaso izan ez balu".

Egiazko istorio batean oinarri hartuta dago, eta ballet baterako gidoia eta jatorrizko argumentua sortu dituzte. Zenbait gerratan idatzitako maitasunezko gutunak ditu oinarri, bai eta Smithsonian National Postal Museumek Gerra Handiaren mendeurrena dela eta antolatutako War Letters: Lost and Found erakusketan ere.

Gainera, estreinaldia Lucia Lacarra Ballet konpainiaren ibilbidearen hasiera izango da. Arriaga Antzokiarekin, Kursaal Eszenarekin eta Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdiarekin elkarlanean sortutako ikuskizuna da, eta Madrilgo Teatros del Canal du laguntzaile.

Taldea:

  • Kontzeptua eta eszenako zuzendaritza: Lucía Lacarra eta Matthew Golding.
  • Koreografoa: Matthew Golding.
  • Koreografoaren laguntzailea: Gianluca Battaglia.
  • Artistak: Lucia Lacarra, Matthew Golding eta Lucía Lacarra Ballet.
  • Musika: Serguéi Rachmaninov eta Max Richter.
  • Jantziak: Lucía Lacarra eta Gianluca Battaglia.
  • Filmaren zuzendaritza: Matthew Golding eta Ekain Albite.
  • Laguntzailea: Teatros del Canal.
  • Koproduktoreak: Arriaga Antzokia, Kursaal Eszena, Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdia.
  • Kolaboratzailea: Teatros del Canal.

Sarren inguruko zalantzak argitzeko edota informazio gehiago eskuratzeko alondegia@zumaia.eus helbidera mezu bat bidali daiteke uztailaren 4tik 21era bitartean.