Herritarren bizipenetatik sortua

Intza Trula 2023ko eka. 30a, 12:30
Maitane Perez, Olatz Beobide eta Nerea Arriola (Zumaiako Udala).

Euskalduntasunaren, erruaren, euskal identitatearen eta euskal irriaren inguruko obra sortzen ari dira Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktore eta sortzaileak.

Udalbiltzak bultzatutako Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan, Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktore eta sortzaileak Zumaian ari dira egonaldia egiten. Zumaiarrekin elkartu dira aste hauetan, eta haien kontakizunak oinarri hartuta, atzezlan bat sortzeko prozesuarekin hasiko dira orain. "Hausnarketa egin, herria ezagutu eta gure lanerako informazioa jaso dugu, baita ideiak eta bulkadak bildu ere", azaldu dute sortzaileek.

Geuretik Sortuak Udalbiltzaren programak sortzaile desberdinak biltzen ditu, hala nola artistak, ikus-entzunezkoak, idazleak eta komikigileak. Artista bakoitzari proiektu bat egokitu zaio, eta proiektu hori garatzeko, egonaldia egin dute Euskal Herriko herri ezberdinetan. "Euskal sorkuntza eta euskal kultura babestea" da Geuretik Sortuak proiektuaren helburu nagusietako bat, hiru emakumeek azpimarratu dutenez. Proiektu bat "oinarritik" sortzeko aukera ematen du programak, hasieratik "egonaldi artistiko" batean jarri dituztelako artistak eta proiektuak hasiera eta amaiera herri berean izango dituelako.

Informazioa biltzeko, herritarrekin, erakundeekin eta taldeekin bildu dira, eta euskalduntasuna, errua, euskal identitatea eta euskal irria gaiak jarri dituzte mahai gainean. "Ekintzak egin ditugu herrian, baina, horrez gain, asko mugitu gara kalean jendearekin hitz egiteko", azaldu dute hiru emakumeek. Anekdotak eta bitxikeriak leku guztietan daude, eta honela azaldu dute sortzaileek: "Jende asko ezagutu dugu. Batak bestea gomendatzen zigun, eta horrela, kate polita sortu da herrian; norberak bere bizipenak zituen proposatutako gaien inguruan".

Lehenengo fasea amaitu dute jada, eta orain "masa horri pixkanaka forma ematen hasteko unea" dela azaldu dute sortzaileek. Horretarako, egindako ekintzetan sortutako solasaldiak hartu eta eurengan "klik" hori eragitea lortu duen hura erabiliko dute antzezlana sortzeko. "Dena eszenaratu behar dugu, antzerki obraren lerroak zeintzuk izango diren zehaztu eta obra sortu".

Urtarrilaren 12an estreinatuko dute obra Zumaian, eta bira egingo dute gero

Urtarrilaren 12an estreinatuko dute sortzaileek antzezlana Zumaian, eta horren ondoren, proiektua garatu duten herri guztietatik bira egingo dute. Bira horren ostean, antzezlana salmentara eraman eta Euskal Herrira zabaltzeko asmoa dute.

Solasaldietan edo eurekin aurrez aurre egoteko gogoarekin geratu den orori antzerkiaroak@gmail.com helbidera mezu bat idazteko gonbita egin diete hiru emakumeek. Gainera, euren esker ona azaldu nahi izan diete herritarrei eta antolatzaileei, "beso zabalik" hartzeagatik, eta "hain denbora gutxian herriaren parte" sentiarazteagatik. "Ateak eta bihotzak ireki dizkigute hasiera-hasieratik".