Suzirien jaurtiketekin hasi dira San Pedro jaiak Zumaian

Andrea Zipitria 2023ko eka. 28a, 19:30

18:00etan eman zaie San Pedro jaiei hasiera herriko kirolariek jaurti dituzten suziriekin. Igandera arte luzatuko da egitaraua, eta festaz gozatzeko aukera.

Hasi dira San Pedro jaiak, udaletxe aurrean txupinazoa bota ondoren. Suziriak jaurtitzeko ardura izan dute denboraldi honetan nabarmendu diren herriko kirolariek. Tartean izan dira Telmo Deun Arraun Elkarteko ordezkariak, infantil mailan bateletako Euskadiko txapeldunak izan ondoren; Pulpo Eskubaloi Klubeko bost ordezkari Espainiako txapelketara sailkatutako taldeen izenean; Irati Osa eta Martin Egaña piraguistak; Taosa igeriketako ordezkariak; KBI xake taldeko Oier Sarasketa eta Xabier Aranzabal, xakeko lehenengo taldea Gipuzkoako lehenengo mailara igotzea lortu dute aurten, eta bigarren taldea, berriz, Gipuzkoako bigarren mailara igo da; boxeotik Mady Diame eta Nerea Zabaleta; Zumaiako Futbol taldeetako ordezkariak mailaz igo ondoren; Zumaiako Txirrindulari Elkarteko Iker Eizagirre eta Aitor Agirre; Kauldi Odriozola, Frantziako kopako garaileetako bat izateagatik, eta Iñaki Osa eginiko ibilbide oparoagatik.

Banan- banan suziri bana bota ondoren honako hitzak eskaini dizkiete kirolariei:

"Zumaia eta kirola, ze harreman estua. Gaur, orain eta hemen, maitasunezkoa. Baina beste batzuetan, tristurazkoa: gayzak nahi bezain ondo ateratzen ez direnean, lesioak izatean... Bizitzaren metafora ez al da ba azkenean kirola?

Pertsonek ematen diogu bizitza kirolari. Gurean, zumaiar askok. Zenbat jokalari, zenbat entrenatzaile, zenbat boluntario zuzendaritza taldeetan, zenbat guraso laguntzen. Zuena da Zumaiako kirola. Herriarena. Denona.

Urtean zehar lorpenen bat edo batzuk lortutakoak omentzeko ekitaldia da gaurkoa. Baina ezin ahaztu halakorik lortu gabeak. Zuentzat ere bada gaurko omenaldia. Azkenean, zer da irabaztea? Zer da galtzea? Partiduetako emaitzak baino askoz gehiago da. Sakonagoa. Ez al du ba ezer irabazi denboraldian zehar hobekuntza handia izan duen kirolariak edo taldeak? Irabaztea hori ere bada.

Jarraitu kirolaren indargune guztiei etekina ateratzen: egin kirola euskaraz; onartu, errespetatu eta maitatu genero guztiak; lagundu behar handiena dutenei naturaltasun osoz; segi lagunarte berriak sortzen... Segi herrigintzan, segi herria egiten.

Gora Zumaiako kirolariak!"

Burrunba guztiak entzun bezain pronto, Tolosako dultzaineroak eta buruhandiak hasi dira herriko kaleetan barrena giroa alaitzen.

Ustekabe txarangarekin jarraitu du eguneko egitarauak, eta esku pilota txapelketako finalak eta danborrada ere izango dira gaur.

Hau da datozen egunetako egitaraua:

Gaur, ekainak 28

18:45 Sagarbidetik sanpedroetako danborradaren irteera.

20:00 Udaletxean herriko bandera jasotzea.

21:30 Torreberrin danborradako kideen afaria.

Bihar, ekainak 29 / San Pedro eguna

09:00 Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.

11:00 Prozesioa eta ondoren meza nagusia San Pedro abesbatzak abestua.

11:00-13:00 Torreberrin haurrentzat jolasak eta tailerrak.

11:30 Tolosako dultzaineroak kalejiran.

13:00 Joselontxos txarangaren kalejira.

13:00 Eusebio Gurrutxaga plazan Zumaiako Txistulari bandaren eta ZUMB Musika Bandaren kontzertua.

17:30 Odietan Herri mailako Pala txapelketa finala.

18:30 Joselontxos txarangaren kalejira.

18:30 Eusebio Gurrutxaga plazan herri kirolak.

19:00 Tolosako dultzaineroak kalejiran.

23:00 Su artifizialak Vulcano piroteknia etxearen eskutik Jarraian, Tolosako dultzaineroak kalejiran Arranplatik Eusebio Gurrutxaga plazara

Etzi, ekainak 30

19:00 Aitzuri frontoian Zumaia Master Series zesta punta jaialdia.

22:00 Eusebio Gurrutxaga plazan kontzertua Puro Relajo.

Uztailak 1, larunbata

10:00 Hogarrean Beheko Plaza/Udaberri billar txapelketaren finala.

12:00 Ondartxon Judo erakustaldia (Kodaore judo kluba). 1

6:00 ABE ligako beteranoen estropada.

18:00 Odietan haur antzerkia Antxo eta Pantxa.

19:00 Aitzuri frontoian Boxeo jaialdia.

20:00 Eusebio Gurrutxaga plazan Zumaiako Musika Bandarekin dantzaldia.

22:00 Amaia plazan Diskofesta.

Uztailak 2, igandea

11:00-14:00 + 17:00-20:00 Eusebio Gurrutxaga plazan artisau azoka.

12:30 Amaia plazan hasita Buztintxuriko erraldoien kalejira.