Harrotasunaren hiru lekukotasun

Mireia Galarza Bastida, Maialen Etxaniz eta Usua Garin 2023ko eka. 28a, 09:20

Irati Agirrezabalaga azpeitiarra, Idoia Zabala Zumaiako bizilaguna eta Xabi Aizpurua oikiarra LGTBIQ+ kolektiboko kide dira. Gaurko eguna baliatuko dute aldarrikapenak egiten jarraitzeko, harrotasunez. Bideoak hiru protagonisten esperientziak biltzen ditu. 

LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur. 1969az geroztik, urtero aldarrikatzen da gaurko egunez gizartearen genero eta sexu aniztasuna. Aldi berean, kolektiboaren eskubideak aitortzeko eta jasaten duten diskriminazioa salatzeko, zientoka herritar irteten dira kalera egun horretako elkarretaratze eta manifestazioetan, harrotasunez. Eskualdean ere badaude kolektibo horretako kide sentitzen diren herritarrak, tartean, Idoia Zabala Zumaiako bizilaguna, Irati Agirrezabalaga azpeitiarra eta Xabi Aizpurua oikiarra. Zabala sukaldaria da, eta bere catering enpresa sortzeko bidean da. Agirrezabalaga, aldiz, ingeles filologoa da, eta liburutegiko langile izateko oposaketak prestatzen ari da. Aizpuru, bestalde, euskara irakaslea da. Hirurek jartzen dituzte dardarka gizartearen patroi normatiboak, eta hala adierazten dute egunerokoan.

Idoia Zabala LGTBIQ+ kolektiboko kidea.

Idoia Zabala: "Osasun arazo asko saihets daitezke trantsizioa umetan eginda"

"Nik helduaroan egin nuen trantsizioa, eta ez nituen arazo burokratiko gehiegi izan. Dena dela, martxoan onartutako trans legea oso pozik hartu nuen, iruditzen zaidalako edozeinek duela eskubidea zoriontsu izateko, bai sozialki eta bai legalki, edozein adinetakoa izanda ere. Egia da, ordea, nekatuta ere sentitu nintzela legea onartu zutenean, aldeko 188 boto izan bazituen ere, 150 kontrako izan zituelako, eta horrek zarata sortu zuelako gizartean. Badakit legea fintzeko aldaketak eskatu zituztela zenbait taldek, trans hitzak hainbat sinonimo izan ditzakeelako, baina niri horrek ez dit hainbeste kezka eragin, betiere hitza errespetuz eta jakintzaz erabiltzen baldin bada.

Azken finean, jendeak ulertu behar duena da, ume batek horrelako aldaketa bat behar duela esaten badu, ez dela ari ezer asmatzen. Zerbaitegatik izango da, ume batek ez duelako hori asmatzeko gaitasuna. Arazo psikologiko ugari izan ditut nik, eta, beraz, lehen pertsonan dakit osasun arazo asko saihets daitezkeela trantsizioa umetan egiteko aukera izanez gero. Helduaroan dena zaildu egiten da, eta hobe da aurretik egiteko aukera izatea. Nire buruari galdetzen diot ea normalizatzeko zer egin daitekeen oraindik. Izan ere, zer da normala izatea? Nik oso gaizki pasatzen jarraitzen dut oraindik. Besteen begirada normalizatu behar da, beti gaudelako kondenatuta besteen begiradapean bizitzera. Besteek ulertu behar gaituzte gu; ezin dugu beti guk azalpenak ematen aritu. Bakoitza behar duen bezala izango da zoriontsu, eta gorrotoak ezingo dio inoiz maitasunari irabazi. Nik gaurko eguna ondo egindako lana aitortzeko baliatuko dut".

Irati Agirrezabalaga LGTBIQ+ kolektiboko kidea.

Irati Agirrezabalaga: "Etiketek balio izan didate niri; talde baten parte naizela sentitu dut"

"Asexual moduan unibertsitateko bigarren mailan identifikatu nuen neure burua, eta arromantiko gisa 2020ko udan. Kontzeptuak argitzeko, asexualitatea beste pertsonekiko erakarpen sexualik ez sentitzea da, eta arromantizismoa erakarpen erromantikorik ez sentitzea.

Etiketa horiek nahiko ezezagunak dira, eta gertatzen zaizuna zer den ez dakizunean, apurtuta sentitzen zara, horrek esan nahi duelako ez duzula izenik, ezta biltzen zaituen komunitaterik ere. Horregatik, nire kasuan, etiketek asko balio izan didate. Egia da mundu perfektu batean ederra izango litzatekeela etiketarik gabe bizitzea, baina bizi garen gizartean izena ez daukana ez da existitzen. Beraz, zure esperientzia bera duen jendea ezagutzeak balio du talde baten parte zarela sentitzeko eta bakarrik ez zaudela konturatzeko.

Harreman erromantikorik ez dut, baina bai harreman queer platoniko bat Bearekin. Ez zait harremanak hierarkizatzea gustatzen, baina harreman queer platoniko bat laguntasunaren eta harreman erromantiko baten erdian kokatuko nuke. Azken finean, bizitza plan bat dugu, elkarrekin bizi gara eta bi katu ditugu. Konpromiso bat dugu, zerbait serioa, baina erakarpen erromantikorik eta sexualik gabe. Inguruari dagokionez, ni oso pribilegiatua sentitzenz naiz zentzu horretan, nire ingurukoekin ez dudalako sekula arazorik izan. Nire aitak Bea alaba bat bezala hartua du jada, eta nire bizitokian, Salamancan [Espainia], ez dut gorabeherarik izan. Iguales elkartean sartu nintzen, eta bertan, zorionez, asexualitatearen eta arromantizismoaren inguruko lanketarekin hasita zeuden".

Xabi Aizpurua LGTBIQ+ kolektiboko kidea.

Xabi Aizpurua: "Gizontasunak kaiolatik dantzalekura doan zerbait izan behar du"

"Nire ustez, sexualitatea eboluzio bat da, eta bizitzan zehar hainbat etapa ditugu sexualitatea bizitzeko eta adierazteko moduetan. Nire kasuan, nerabezaroan hasi nintzen konturatzen gizonezkoek erakartzen nindutela, baina hasieran ez nuen biziargitasunez, ez familian, ez lagunen artean. Lehenik lagunekin ireki nintzen, eta gero hasi nintzen askatasun gehiagorekin plazaratzen nire orientazioa; orduan ireki nintzen familiakoekin. Helduaroan, nahikoa normaltasunez bizi izan dudala esango nuke.

Egia esateko, nik gizon bezala identifikatzen dut nire burua, eta hitz horren azpian eroso sentitzen naiz, ez dudalako agian gehiegi zalantzan jarri. Dena den, kontzeptuaren inguruan asko pentsatu dut, eta iruditzen zait gizontasuna dela kaiola izatetik dantzaleku izatera doan zerbait. Gure aurrekoek gizontasunaren eredu jakin bat zuten, seriotasunaren eta segurtasunarekin lotutakoa, eta emozioetatik aldendua, besteak beste.

Hori eraldatzen ari da neurri batean, baina oraindik kaiola hori hor dago, eta hesiak nahiko sendo daude. Ikusten dudana da hesi horiek beste kolore batekin pintatzen ditugula batzuetan, baina funtsean ez direla aldatzen gizon bezala dauzkagun mugak. Gizontasuna zabala da, baina eguneroko praktiketan, pentsamenduetan eta jarreretan askeagoak izan beharko genukeela iruditzen zait. Batez ere, gure pribiliegioak berrikusi behar ditugu, eta zaila da hori, deserosoa delako pribilegioak alde batera uztea".