Su artifizialen ikuskizuna tarteko, udalak kontuan hartu beharrekoak gogorarazi ditu

Intza Trula 2023ko eka. 27a, 12:00
Su artifizialen emanaldi bateko irudia.

Ekainaren 29an, urtero lez, su artifizialen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek San Pedro jaietan.

Su artifizialen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da etzi, ekainaren 29an, 23:00etan hasita. Hori horrela, Zumaiako Udalak hainbat gomendio eta ohar gogorarazi dizkie herritarrei:

1.- N-634 errepidea itxita egongo da egun horretan, 22:55etik 23:15era arte.

2.- Zubiaundia itxita egongo da 19:00etatik 00:00etara. Ixte honek eragina du oinezkoen bidean, Kirol portura edo Santiago hondartzara joateko aukera bakarra Zubiberriaren espaloi estua baita.

3.- Seinaleak eta jarraibideak errespetatu behar dira eta segurtasuneko langileek agindutakoa bete. Ezin da hurbildu suak botatzen ari diren gunera.

4.- Ikuskizuna 23:00etan hasiko da, lekua 30 minutu lehenago hartzea gomendatzen du udalak.

5.- Adi ibili.

  • Su artifizialak arriskutsuak izan daitezke eta erredurak sor ditzakete (anbulantzia bertan egongo da herritarren batek arreta behar badu).
  • Suak botatzerakoan ohikoa da errautsak erortzea. Beraz, begietan sartuz gero, urarekin garbitu eta ez igurtzi.
  • Su artifizialak ikusteko eremua portu ingurua izanik, uretara erortzeko arriskua dago. Ez hurbildu gehiegi ertzera.

6.- Txalupak debekatuta egongo dira. Suek dirauten bitartean, ezingo da txalupa, piragua edo bestelakorik ibili itsasadarrean, eta ontzi guztiak eremu horretatik kendu egin beharko dira.

7.- Ez ukitu su artifizialen arrastoak. Ezohikoa izan arren, su artifizialen osagarriren bat lehertu gabe lurrera eroriz gero, ez ukitu, eta ez eman ostikadarik. Abisatu lehenbailehen udaltzainei edo suhiltzaileei.