Zumaia eta Zarautz arteko tren zirkulazioa etengo dute datorren astean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 27a, 09:00
Zumaiako tren geltokia. (Juan Luis Romatet)

Hilabetez egongo da itxita bi herrien arteko trenbide zatia azpiegitura hobetzeko lanak egiteko. Bitarte horretan, autobusarekin bermatuko diete zerbitzua erabiltzaileei.

Uztailaren 4tik, asteartea, abuztuaren 11ra, ostirala, bitartean ezin izango da trena erabili Zarauztik Zumaia joateko edota alderantziz. Euskotrenek azaldu duenez, zerbitzua etengo dute bi herrien artean ETS Euskal Trenbide Sareak trenbidearen azpiegitura hobetzeko egin behar dituen lanak direla eta.

Nolanahi ere, bi herrien arteko garraio publiko bidezko lotura bermatuta egongo da; izan ere, autobusez emango dute zerbitzua. Horren harira, zehaztu behar da Zumaiatik Donostiarako noranzkoan ere tren geltoki parean hartuko dute autobusa erabiltzaileek eta azken helmugara arteko ibilbidea egingo du tarteko herrietan geratuta.

Zarauztik Bilborako noranzkoan, berriz, Eibarrera arteko ibilbidea egingo du ordezko autobusak behin-behineko geltokitik abiatuta. Hala, bidea jarraitu nahi duten erabiltzaileek Eibarren hartuko dute trena eta tarteko herrietan geratu nahi duten erabiltzaileek, autobusak bidean egingo dituen geldialdietan.

Trenbidean egingo dituzten hobekuntza lanen harira zehaztu dute, bestalde, Urola ibaiaren gaineko Zumaiako zubian egingo dituztela, eta Meagako eta San Migeleko tuneletako trenbidea ere berrituko dutela. Ia 6 milioi euroko inbertsioa egingo dute horretarako.