Alde Zaharreko trafikoan aldaketak izango dira bihar egun osoan zehar

Intza Trula 2023ko eka. 26a, 09:19
Komentuko obrak (Zumaiako Udala).

Bihar 07:30etik 20:30era bitartean Bonifazio Etxegarai kalea eta San Jose kalearen zati bat itxita egongo dira oinezkoentzat eta ibilgailuentzat, Komentuko obrak direla eta.

Alde Zaharreko trafikoan aldaketak izango dira bihar 07:30etik 20:30era bitartean. Komentuko obrak direla eta, Bonifazio Etxegarai kalea eta San Jose kalearen zati bat itxita egongo dira oinezkoentzat zein autoentzat. 

Pasa den urteko azaroa erdialdean hasi zituzten Mojaxarren komentua eraberritzeko lanak. Bertako altzari eta objektu baliotsuak atera eta behar bezala gorde ondoren, San Jose kalearen eta lorategiaren arteko horma bota zuten, eta bertatik sartu zuten obra egiteko beharrezko garabia. Hori horrela, azken egunotan teilatu zaharra kentzen aritu dira, eta bihar, teilatu berria eraikitzeko materiala sartuko dute barrura.

Horrenbestez, bihar, itxita egongo dira Bonifazio Etxegarai kalea eta San Jose kalearen zati bat (1A-35W atarien arteko bidea, Ubillos zeharkatzen duena). Honako aldaketa hauek izango dira trafikoan: 

  • Oinezkoak: etxeko atarietarako joan-etorriak bakarrik egin ahal izango dituzte.
  • Ibilgailuak: errepidea erabat itxita egongo da. Ordezko bidea jarriko dute: Angeles Sorazu kaleko aldapatik joan, Arritokieta kaletik igo, eta Odieta kaletik jaistea. Erribera kalea 1 eta 1BIS atarietako bizilagunentzat oharra: arau orokor gisa, egun horretan ezin izango da ibilgailurik atera eremu horretatik (ez kanpoko aparkalekuetatik, ezta garajetik ere). Momentu puntualetan soilik irekiko da, obraren garapenaren arabera.
  • Ubillos zeharkatzen duen bidea noranzko bakarrean erabili ahal izango da, eta horrenbestez, Ubillosera ezingo da autoarekin sartu. Hori horrela, udalak gidariei zein oinezkoei "kontuz ibiltzeko eta obretan ezarritako seinaleak eta abiadura mugak errespetatzeko" gogorarazi die, "guztien segurtasuna bermatzeko".