Bigarren eta zortzigarren egin dute Telmo Deuneko traineruek Mundakan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 25a, 15:20
Telmo Deuneko ETE ligako trainerua. (Luisma Luengo)

Emakumezkoen taldeak lehia estua izan du gaur ere Kaikurekin eta gizonezkoek ohorezko txanda galdu dute datorren estropadari begira.

Telmo Deunek ez du egunik onena izan gaur Mundakan. Edonola ere, lortu dituzten emaitzak ere ez dira txarrak izan. Emakumezkoen ontzia izan da onena bigarren postua lortu baitu ETE ligako estropadan. Dena den, Kaikurekin partekatzen zuten lidertza galdu du eta bigarrena da orain sailkapenean talde bizkaitarrarengandik puntu bakarrera. Estua ari da izaten bien arteko lehia liga hasiera honetan eta halakoa izan da gaur ere. Bizkaitarrek hasieratik hartu diete aurre Telmo Deuneko arraunlariei eta segundu gutxira izan badituzte ere, amaierara arte eustea lortu dute. Ikusi hemen ETE ligako gaurko emaitza guztiak.

Gizonak, berriz, zortzigarren izan dira. Atzo bezala, ohorezko txandan aritu dira gaur ere, eta hasiera ona egin badute ere, behera etorri dira bigarren erditik aurrera. Hori horrela, erdiko txandan aritu diren lau ontziek aurreratu dituzte eta lehenengo txandako onena ere gertu izan dute. Segundo erdia atera diote Busturialdeari. Gauko emaitzarekin, KAE1 ligako sailkapeneko laugarren postua galdu du Telmo Deunek, bosgarrena da orain, gaur bigarrena izan den Arkoterengandik sei puntura. Ikusi hemen KAE1 ligako gaurko emaitza guztiak.