Zumaia Jai Alai Master Serieseko finalera sailkatu dira Goikoetxea eta Lopez

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 25a, 11:45

Bi puntista zumaiarrak elkarren aurka arituko dira datorren ostiralean Goikok etxean jokatuko duen azken partidan.

Zumaia Jai Alai Master Serieseko finalaurrekoak jokatu zituzten atzo Aitzuri pilotalekuan, eta parte hartu zuten bi zumaiarrek lortu zuten finalera sailkatzea. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek, alegia. Hori bai, bi puntistek elkarren aurka aritu beharko dute datorren ostiralean jokatuko duten finalean, eta etxean, Zumaian, jokatuko duen azkena izango da Goikorentzat, denboraldia amaitutakoan erretiroa hartuko duela iragarri baitu.

Atzoko finalaurrekoei erreparatuta, Mikel Manzisidor mutrikuarrarekin (Gipuzkoa) osatu zuen bikotea Goikok eta bi setetan garaitu zituzten Johan eta Del Rio: 15-11 eta 15-9. Lan nekezagoa izan zuen Lopezek finalera sailkatzeko; izan ere, hiru setetan lortu zuen garaipena Barandikarekin batera. Gainera, atzekoz aurrerakoa egin zuten lehenengo seta galdu baituzten: 15-13, 11-15 eta 4-5.

Harmailetan bizitakoa ere nabarmentzekoa izan zen oso. Giro beroa izan zen eta gozatua hartu zuten zaleek etxekoen garaipenarekin eta lau bikoteek eskainitako ikuskizunarekin.

(Argazkiak: Guk Jai Alai)