Zumaian izango da Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren VIII. edizioko kontzertuetako bat

Mireia Galarza Bastida 2023ko eka. 25a, 13:00
Aurkezpenean izan zen Miriam Romatet Zumaiako Kultura teknikaria (eskuinetik lehenengoa).

Uztailaren 1etik 30era izango da zikloa, eta uztailaren 9an eskainiko dute kontzertua Zumaian. Zikloaren helburuak dira "organoa ezagutzera ematea" eta "Gipuzkoako ondarea zaindu eta nabarmentzea".

Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren VIII. edizioa egingo dute aurten, eta Deba, Getaria eta Oriorekin batera, Zumaian eskainiko dute kontzertuetako bat. Uztailaren 1etik 30era izango da zikloa, eta uztailaren 1ean, 9an eta 15ean izango dira kontzertuak Orion, Zumaian eta Getarian, hurrenez hurren. Debakoak uztailaren 22an eta 29an izango dira. Zikloaren helburuak dira "organoa ezagutzera ematea" eta "Gipuzkoako ondarea zaindu eta nabarmentzea". 

Maria Jose Telleria kultura diputatuaren hitzetan, “musika-tresna berezia" da organoa, joko den tokirako "berariaz diseinatua" izan dena, eta "gure ondarearen zati garrantzitsu" bat. Eta gehitu du: "Gipuzkoako kostaldeko udalerrietan, uda hondartza baino gehiago da. Uda kultura da, ondarea da, musika da, eta moldakortasuna ere bada”.

Uztailaren 1ean hasiko da Orion zikloa, Bihodi proiektuarekin. Bertan, Peio Irigoienek (txistua) eta Ignacio Arakistainek (organoa) joko dute. San Nikolas elizan izango da, 20:00etan. Hilaren 9an, berriz, Mar Vaquék Lotte Reinigerren Achmed printzearen abenturak film mutuaren soinu-banda inprobisatuko du. San Pedro parrokian izango da, 21:00etan. Uztailaren 15ean Getariaren txanda izango da, eta kontzertu horretan Enrique Abellok (tronpeta) eta Santiago Bandak (organoa) osatutako duoa ariko da San Salbatore elizan, 20:15ean hasita. Debako bi kontzertuak uztailaren 22an eta 29an izango dira, 12:30ean eta 20:00etan, hurrenez hurren, eta biak Santa Maria elizan eskainiko dituzte. Lehenengoan Jone Martínez (sopranoa) eta Miriam Cepeda (organoa) ariko dira, eta bigarrengoan Miriam Hontana (biolina) eta Daniel Oyarzabal (organoa). Kontzertu guztiak doan izango dira.

Zikloa, tresna solidario

Antolatzaileen esanetan, zikloak aurten ere "tresna solidario" bihurtu nahi du, eta horregatik bi elkartek parte hartuko dute: Afagik, Gipuzkoako senitartekoen, lagunen eta alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkarteak; eta AECCk, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak. Kontzertuetara joaten direnek borondatezko ekarpenak egitea da helburua, elkarte horiei laguntzeko. Helburu horrekin, ongintzazko bi kontzertu eskainiko dituzte, Getariakoa eta Debako lehenengoa. Dena den, antolatzaileek azaldu dute hurrengo edizioetan mota honetako kontzertu gehiago antolatzea izango dela helburua.