Telmo Deuneko traineruak Bizkaian arituko dira asteburu honetan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 24a, 09:00

Telmo Deuneko neskak joan den astean eskuratutako banderarekin. (Telmo Deun elkartea)

KAE1 ligako ontziak bi estropada izango ditu eta ETE ligakoak bakarra. Bihar lehiatuko du Mundakan.

KAE1 eta ETE ligetan diharduten Zumaiako traineruek estropadak izango dituzte bigarren asteburuz jarraian. Gizonezkoek gaur nahiz bihar eguerdian izango dituzte hitzorduak Elantxoben (Bizkaia) eta Mundakan (Bizkaia) eta emakumezkoek bihar baino ez. Emakumeek ere Mundakan izango dute estropada 11:30ean hasita.

Telmo Deuneko bi ontziek bide onetik hasi dute beren ligetako jarduna eta jarraipena ematen ahaleginduko dira. Gainera, horretarako aukera ona izango dute ohorezko txandan arituko direlako. Horrek esan nahi du aurreko txandetan arituko diren traineruen erreferentziak izango dituztela.

Edonola ere, gizonezkoen taldeak gaur soilik du bermatuta ohorezko txandan lehiatzea; izan ere, sailkapeneko laugarren postuan daude kokatuta une honetan eta gaurko estropadan lortzen duen emaitzak zehaztuko du bihar zein txandatan arituko diren. Emakumezkoak, berriz, lidergoa partekatzen dute Kaikurekin eta biharko estropadaren ondoren batak besteari hartuko dio aurre. Zumaiarrak lehenengoak izaten ahaleginduko dira.