Frantziako Tourrak eragina izango du Zumaian ere

Mireia Galarza Bastida 2023ko eka. 22a, 17:00

Uztailaren 3an, astelehena, igaroko da herritik, eta, horren ondorioz, 11:30etatik 15:30era bitartean trafikoa guztiz itxita egongo da. Ordu tarte horretan, ezin izango da kotxez Zumaiara sartu, ezta Zumaiatik atera ere.

Frantziako Tourrak eragin nabarmena izango du Euskal Herri osoan, baita Zumaian ere. Uztailaren 3an, astelehena, igaroko da herritik, eta, horren ondorioz, 11:30etatik 15:30era bitartean trafikoa guztiz itxita egongo da. Ordu tarte horretan, ezin izango da kotxez Zumaiara sartu, ezta Zumaiatik atera ere. Gainera, herria bitan zatituta egongo da autoentzat zein oinezkoentzat. Autobus zerbitzua ere etenda egongo da, eta Zumaiatik joan-etorriak egiteko aukera bakarra trena erabiltzea izango da.

Zumaiako Udalak herritarrei eskatu die ordu tarte horretan "tentuz jokatzea", bereziki jende pilaketak dauden momentuetan. Era berean, udaltzainen ohar eta jarraibideei kasu egiteko eskatzen die.