Geuretik Sortuak proiektua dela-eta solasaldia izango da ostegunean Mari kalean

Intza Trula 2023ko eka. 21a, 12:00
Maitane Perez, Olatz Beobide eta Nerea Arriola aktore eta sortzaileak, Miriam Romatet kultur teknikaria eta Marina Bidasoro kultur zinegotziarekin (Zumaiako Udala).

Geuretik Sortuak proiektuaren barruan sortzen ari diren antzelaneko kideek ostegunean egingo den solasaldi irekierako gonbidapena luzatu diete herritarrei. 

Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktore eta sortzaileak "euskalduntasunaren, erruaren, euskal identitatearen, eta euskal irriaren inguruko" antzezlan obra sortzen ari dira, Geuretik Sortuak proiektuaren baitan. Hiru sortzaileak Zumaian daude egunotan, eta sormen egonaldi honen baitan zumaiarrekin eta herriko elkarteekin biltzen ari dira, ondoren antzezlana osatzeko. 

Prozesu honetan "euskalduntasunari eta erruari buruz hausnartu eta euskal identitatearen eraikuntzan hartzen ditugun edo egokitzen zaizkigun motxila ezberdin guztiei buruz" hitz egingo dutela azaldu dute.  Aldi berean, "euskal irria" ezagutzea da euren asmoa, "geureaz eta gure artean umoreak korapiloak askatzen laguntzen duelako". Herrian dauden bitartean "jendearekin elkartu, kontakizunak eta istorioak entzun, sentsazioak bildu, eta herria eta bere pluraltasuna ezagutzea" dute xede partaideek.

Hori dela eta, ostegunean egingo duten solasaldi irekirako gonbidapena egin die herritarrei. "Elkar ezagutu eta sorkuntza prozesu honetan parte hartzeko aukera paregabea", dela azpimarratu dute. Ostegunean, 19:00etan Mari kalean izango da solasaldia. Horrez gain, datorren asteartean, ekainak 27, beste saio bat egingo dute antzerki tailer formatuan.