Udalak larrialdi-egoera ezartzeko "bidelagun" izango direla azaldu dute oposizioko kideek

Intza Trula 2023ko eka. 21a, 10:20

Kazkabarraren ondorioz hautsitako autoa (Maria Maya).

Duñike Agirrezabalaga PSE-EEren zinegotzia eta EAJren udal taldea Iñaki Ostolaza alkatearekin harremanetan jarri dira kazkabarrak eragindako kalteak ezagutzeko.

Udal talde sozialistaren bozeramaile den Duñike Agirrezabalaga Iñaki Ostolaza alkatearekin harremanetan jarri da "txingorrak eragindako ondorioen nondik norakoak ezagutzeko". Zauritu ugari eragin zituen atzoko kazkabarrak; horietako batzuk osasun zentroan artatu behar izan zituzten, buruan, lepoan edo gorputz-adarretan zauriak eta kolpeak zituztelako. Horrez gain, autoen dozenaka kristaletan, eta eraikinetako erretenetan, teilatuetan eta argizuloetan ere kalte handiak eragin ditu ekaitzak.

“Gaur goizeko txingorra bezalako gertaera bat ez dut inoiz Zumaian bizi izan”, azaldu du Agirrezabalagak. Horrez gain, "kazkabarraren kalteen zuzeneko balioztapena ezagutzeko" Ostolazarekin harremanetan jarri da, prentsa-adierazpen batean esan duenez. Zumaiako PSE-EEren aldetik "elkartasuna" helarazi dio , eta udalerriak larrialdi egoera ezartzeko "bidelagun" izango direla aipatu du, horrek "herritarrei aseguruen aurrean babesa" emateko. 

EAJren udal taldeak ere adierazi du "alderdi guztiak bat eginda" daudela atzo gertatutakoaren aurrean, eta babesaren eta elkarlanaren aldeko mezua zabaldu dute.