Puntaren puntan utziko du

Maria Maya Manterola - Maialen Etxaniz 2023ko eka. 20a, 19:00
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Herrian hilabete honetan bertan jokatuko du azkenekoz, Zumaiako Master Series txapelketan. Datorren urtean utziko ditu pilotalekuak Iñaki Osa Goikoetxeak, baina gertutik jarraituko ditu pilotari lotutakoak, Eraman enpresako kirol zuzendaria izango baita.

Zumaiako Jai Alai Master Series txapelketaren berri ematera zihoazen, baina Iñakiā€ˆOsa Goikoetxeak hartu ditu foku guztiak. Izan ere, haren erretiroa iragartzeko baliatu dute prentsaurrekoa gaur, asteartea. 

"Asebeteta" utziko ditu pilotalekuak Goikoetxeak, "irabazi behar zituen txapelketak irabazita". Hunkituta eta harro azaldu da puntista, gertukoengandik eta kirolariengandik inguratuta. Ikusmin handia sortu zdu hitzorduak, eta hedabide ugari batu da Foronda jauregiko areto nagusian.

Euskal pilotaririk onenetakoa da Goikoetxea. 7 urterekin hasi zen zesta puntan, eta 16 urterekin profesionala zen dagoeneko. Milanen (Italia) egin zituen lehen pausoak profesional mailan, eta urte erdi beranduago itzuli zen, Newportera (Rhode Island, AEB) bidaiatzeko. New York eta Boston arteko hiri horretan izan zen zenbait urtez, eta Floridan egin zuen egonaldirik eta luzeena: 13 urtez izan zen bertan, Miamin. Duela zortzi urte itzuli zen Zumaiara, 2015eko urtarrilan.

Palmares izugarria pilatu du urteotan guztiotan, eta sekula izan den pilotaririk onenetakoa dela erakutsi du puntista zumaiarrak. Buruz burukoan hamahiru txapel eskuratu ditu –jokatutako denak, bat izan ezik–, binakakoan zortzi titulu irabazi –bost Gotzon Enbilekin eta bat Imanol Lopezekin–, kinielen munduko txapelketa bi aldiz irabazi du eta Miamin koroa hirukoitz preziatua bost aldiz lortu du; bost denboralditan txapelketa edo sail guztiak irabazi ditu, alegia.

Biarritzeko Urrezko Xistera ere badu bere garaipenen artean, eta zenbait Grand Slam txapelketa ere bai, azkena, igaro berri den asteburuan Donostian jokatutakoa. Zenbaezinak dira atlantikoaren bi aldeetan irabazi dituen gainerako torneoak.

Herrian jokatuko duen azken aldia izango da Zumaiako Jai Alai Master Series txapelketa. Ekainaren 24an jokatuko da lehen jardunaldia, larunbatean, eta sailkatuko balitz, 30ean jokatuko luke finala Goikoetxeak etxean. Dagoeneko online eros daitezke Zumaiako lehen jardunaldiko sarrerak, helbide honetan.

2023/2024 denboraldian ere jokatzen jarraituko du puntistak, eta Winter Series txapelketarekin batera utziko ditu pilotalekuak, datorren urtean.

Hona hemen Goikoetxearen adierazpenak agurra iragarri berritan: 

 

"Handienetan handiena"

Zesta punta biziberritu eta profesionalizatzeko ardura duen Eraman enpresako (garai batean, Gernika Jai Alai Professional) Lander Eizagirre ordezkariak aipatu du belaunaldiak igaro daitezkeela Goikoetxearen pareko pilotari bat ezagutzeko. Izan ere, azaldu dute berezia dela haren gorpuzkera eta jokoa: "100 kiloko eta bi metroko aurrelaria da, eta atzelari ere aritu izan da. Berezia da oso, errepikaezina", diote. 

"Momenturik onenean" uztera doala ere aipatu dute. Izan ere, Goikoetxea oso maila altuan lehiatzen ari da, eta edozein aurkariri irabazteko gai da, Eizagirrek aipatu zuenez. "Presiorik gabe eta inoiz baino gehiago gozatzen" ari dela ere aurreratu du: "Fisikoki oso ondo dago, teknikoki ez du hutsunerik eta bere ezaugarriengatik aurkari beldurgarria da edozein pilotarirentzat".

Eizagirreren hitzetan, Goikoetxearen bidez zesta punta zen kirol minoritarioa ezagutu dute zenbaitzuk. Horrez gain, haren umiltasunean eta lagunkoitasunean egin dute azpimarra: "Apala eta maitatua da, bere jokabideagatik eredu bat belaunaldi berrientzat".  "Unerik onenean" utziko du zesta punta, Eraman enpresako ordezkariaren arabera, "bai Goikoetxearentzat berarentzat, eta baita zesta puntarentzat ere". 

Frontoiak utziko dituela iragarri du, baina zesta punta gertutik jarraituko du Goikoetxeak. Izan ere, Eraman enpresako kirol zuzendaria izango da. Pilotari lotutakoak gertutik jarraitzearekin pozik da Goikoetxea.