Udal eta foru hauteskundeak 2023

Zumezko uztaiak Ostolazaren eskuetan jarraituko du beste lau urtez

Maria Maya Manterola 2023ko eka. 17a, 14:15

EH Bilduko hamar zinegotzien botoekin, Iñaki Ostolaza izendatu dute alkate datorren agintaldirako. Boterearen irmotasunaren eta malgutasunaren ikur den zumezko uztaiak haren eskuetan jarraituko du gaurko kargu hartze ekitaldiaren ondoren.

Zumaiako udaletxeko pleno aretoa herritarrez beteta eta zinegotziak beren lekuan eserita eman diote hasiera gaurko kargu hartze ekitaldiari. Udalbatzako nagusienak eta gazteenak gidatu dute ekitaldia, Joxemi Antiak eta Mireia Aranbarrik, alegia. 

Behin idazkariak udaleko ondasun eta kutxaren berri eman ondoren, zinegotziek banaka zin egin diete beren karguari, eta banaka alkatea hautatzeko botoa emateari ekin diote ondoren. Hamar aldeko botorekin, ezustekorik gabe, Iñaki Ostolaza izendatu dute 2019-2023 agintaldiko alkate. Bigarren agintaldia du Ostolazak alkatetzan. 

Boterearen irmotasuna eta malgutasuna sinbolizatzen dituen zumezko uztaia eskuetan hartu du, segidan, Ostolazak. Bere hitzartzean ama, aita, zinegotzi ohi nahiz EH Bilduren talde osoarentzat esker hitzak izan ditu, eta datozen lau urteetan "arduraz" ariko dela jakinarazi die herritarrei. 

Joxemi Antia EAJren udal taldeko bozeramaileak zoriondu egin du Ostolaza, eta herritarrei entzuteko borondatea erakutsi du. Duñike Agirrezabalaga PSE-EEren zinegotziak, berriz, aipatu du Udal Gobernuaren lana gertutik jarraitzea eta kontrolatzea izango dela bere zeregina hemendik aurrera.