Alde Zaharreko trafikoan aldaketak, Komentuko obrak direla medio

Maria Maya Manterola 2023ko eka. 17a, 12:30

Datorren asteartetik aurrera, teilatu berria eraikitzeko materiala sartuko dute Alde Zaharrean, eta trafiko aldaketak izango direla iragarri du udalak. 

Komentuko teilatu zaharra desmuntatu, eta datorren asteartetik aurrera, hilak 20, teilatu berria eraikitzeko beharrezko materiala sartuko dute Alde Zaharrera. Egun horretan, 7:30etik 20:30era bitartean, Bonifazio Etxegarai eta San Jose kalearen zati bana itxita egongo da oinezkoentzat zein trafikoarentzat. 

Ondorengo oharrak kontuan hartzeko jakinarazi du udalak: 

  • Oinezkoak: etxeko atarietarako joan-etorriak bakarrik egin ahal izango dira

  • Ibilgailuak: errepidea erabat itxita egongo da. Ordezko bidea jarriko da: Angeles Sorazu kaleko aldapatik joan, Arritokieta kaletik igo, eta Odieta kaletik jaistea.

  • Erribera kalea 1 eta 1BIS atarietako bizilagunentzat oharra: arau orokor gisa, egun horretan ezin izango da ibilgailurik atera eremu horretatik (ez kanpoko aparkalekuetatik, ezta garajetik ere). Momentu puntualetan soilik irekiko da, obraren garapenaren arabera.

  • Ubillos zeharkatzen duen bidea noranzko bakarrean erabili ahal izango da (mapan zehazten den moduan). Horrenbestez, Ubillosera ezingo da autoarekin sartu.