Geuretik Sortuak ekimenaren barruan, 'Kontakizunekin jolasean' tailerra izango da bihar Emakumeon* Etxean

Maria Maya Manterola 2023ko eka. 16a, 11:00
Arriola, Beobide eta Perez sortzaileak. (Zumaiako Udala)

Udalbiltzak bultzatutako Geuretik Sortuak ekimenaren barruan, Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktore eta sortzaileak Zumaian ari dira egonaldia egiten. Zumaiarrekin elkartuko dira asteotan, haien kontakizuna oinarri hartuta atzezlan bat sortzeko.

Zumaian dira Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktore eta sortzaileak. Izan ere, euskalduntasunaren, erruaren, euskal identitatearen eta "euskal irriaren" inguruko obra sortzen ari dira. Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak ekimenaren barruan ari dira garatzen beren lana, eta zumaiarren kontakizunak oinarri hartuta, antzezlan bat sortuko dute. 

Emakumeon* Etxean egingo dute lehen saioa, bihar, 10:30etik 12:30era bitarte. Sortzaileen esanetan, "kontakizunak elkar ezagutu eta trukatzeko tresna dira, ahozko transmisioaren bidez besteengana gerturatzeko modua". Jolas eta dinamiken bitartez, parte hartzaileek kontakizunak partekatuko dituzte. Dibertitzea eta goiz ezberdin bat elkarrekin pasatzea izango da helburua, kontuak gora eta behera, istorioetan murgilduz eta haiekin gozatuz. Tailerra euskaraz izango da, eta emakumeei* zuzenduta dago.