Raixta Egunaren balorazio baikorra egin du Emakumeon* Etxeak

Maria Maya Manterola 2023ko eka. 15a, 12:30

Helburuak betetzat eman dituzte bigarren edizioan: bai sortzaileen lanari bultzada ematea, eta baita urte osoan zehar etxean egiten den lana ikusaraztea ere. 

Joan den larunbatean ospatu zen Raixta Eguna Emakumeon* Etxean, eta egunaren balorazio baikorra egin dute antolatzaileek, "helburuak betetzat" emanda. Batetik, emakume* sortzaileen lana balioan jarri eta bultzada ematea lortu zutela uste dute; eta bestetik, urte osoan zehar etxean egiten den lana ikusaraztea ere bai. 

Izan ere, beren hitzetan, ikasturtean zehar asko dira aurrera eramaten dituzten tailerrak, proiektuak, emakumeon artean sortzen diren harremanak, saretzeak eta elkarlanean aurrera eramandako ekimenak, eta horren adibide da Raixta Eguna bera.

"Azken hilabeteetan askotariko emakumeak elkarlanean antolatzen ibili gara eta, egunean bertan ere, Zumaiako emakume askok eta askok egindako lanari esker eguna giro ezinobean igaro genuen. Sortzaileei, tailerrak ematen ibili zinetenei, musikariei, bolondres lanean ibilitako denei... Eta, oro har, parte-hartzaile eta bertaratutako guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu Raixta Eguna posible egiteagatik. Elkarrekin sortzen jarraituko dugu, datorren Raixta Egunari begira, eta baita beste hamaika ekimen antolatzen ere!", amaitu dute esker mezua.