Jarduera ugari izango da datozen hilabeteetan Etxapen, "sozialisten erreferentziazko gunean"

Maria Maya Manterola 2023ko eka. 14a, 15:00
Apirilean aurkeztu zuten jendaurrean Etxape Zentro Sozialista. (Urola Kostako Kontseilu Sozialista)

Gaur Imanol Satrustegi historialariak Nafarroakoa ezker erradikala 1970-1979 izeneko liburua aurkeztuko du. Aholkularitza bulegoa ere jarri dute martxan zentroan.

Iazko azaroan zabaldu zuen Urola Kostako Kontseilu Sozialistak Etxape zentroa Aita Mari kaleko hamaseigarren zenbakian, garai batean Eroski zegoen lokalean. Ordutik hainbat auzolan saio egin dituzte gunea atontzeko, eta Eroskirekin akordio batera ere heldu dira. Apirilean aurkeztu zuten jendaurrean "sozialistentzat erreferentziazko gune" izan nahi duen espazioa, eta orain, ekainarekin batera, hasi dira jarduerak antolatzen. 

Gaur, esaterako, Imanol Satrustegi historalari iruindarra izango da bertan, Nafarroakoa ezker erradikala 1970-1979 liburua aurkezten, 18:30etik aurrera. Hainbat militanteren testigantzak bildu ditu Satrustegik liburuan, 60ko eta 70eko hamarkadetan langile mugimenduak izan zuen gorakadaren zergatia azaltzeko. Aitor Tena Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kidearen hitzetan, "nahiz eta liburua tesian oinarritu, akademiatik harago, zenbait mugimenduren arteko eztabaida piztera dator" Satrustegiren lana. "Iraganera begiratzen du, aurrera begirako irakaspenak ateratzeko", dio. 

Hilaren 20rako, berriz, nominak irakurtzen ikasteko tailerra antolatu dute Laneko Autodefentsa Sarearen eskutik. Izan ere, "udan lan esparruan ematen diren arazoen inguruko lanketa" abiatu dute, Tenaren arabera. "Langileriak gure eskubideak ezagutzea eta lan munduan sor daitezkeen egoeren aurrean geure burua defendatzea da helburua", adierazi dute antolatzaileek. 19:00etarako jarri dute hitzordua. Lanari lotutako zalantzak edota arazoak dituzten herritarrei laguntza ematea da asmoa, eta herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte.

Aholkularitza bulegoa ere jarri dute martxan. Hileko lehen astelehenetan zabalduko dute bulegoa, goizez nahiz arratsaldez; hau da, 11:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Egun eta ordu horietan bertaratu ezin duten herritarrek ere izango dute aukera bulegoarekin harremanetan jartzeko, 622 21 85 25 telefono zenbakira deituta edo las.urolakosta@gmail.com posta elektronikora idatzita.

Eskualdeko aterpe

Bulegoa fisikoki Zumaian kokatuta badago ere, aholkularitza zerbitzua eskualde mailan antolatuta dagoela nabarmendu dute kontseiluko kideek. Alegia, Urola Kostako herritarren beharrei erantzun nahi diete, eta Zumaiako herritarrei ez ezik, gainerako herrietakoei ere eskaini nahi diete zerbitzua. 

Ildo horretan, eskualdetik kanpoko gainerako zentro sozialistekin duten harremana izan du hizketagai Tenak: "Harremana badugu, eta elkarren artean babesten gara, izan etxe huste egoeretan edo bestelakoetan. Proiektu berari erantzuten diogu, eta batasun hori adierazten saiatzen gara kanpora begira ere", adierazi du.

Egitaraua, hilero

Hilero plazaratuko du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak jardueren egitaraua, Tenak aurreratu duenez. Uztailekoa eta abuztukoa, batik bat, kulturari eta aisiari eskainitakoak izango direla iragarri du. Edonola ere, ez du baztertzen "lan munduaren inguruko beste tailerren bat egitea edo formakuntzarako tartea hartzea". 

Hala eta guztiz, Tenak nabarmendu nahi izan du "langileria ahalduntzea lan ildo bat gehiago" dela Urola Kostako Kontseilu Sozialistarentzat, eta beste zenbait gai dituztela esku artean. Lehenengo abiatu duten dinamika ahokularitza bulegoa izan den arren, aholkularitza hori "beste esparru batzuetara zabaltzea" gustatuko litzaieke, baita "bestelako dinamikak" abiatzea ere. 

Proiektu horietako batzuei "forma ematen" ari zaizkie kontseiluko kideak, datorren ikasturtearekin batera martxan jartzeko. Aurkezpenean jakinarazi bezala, euskarazko mintzapraktikena izango da proiektuetako bat. Horrez gain, "zer behar, aukera eta gogo" egon daitezkeen aztertzen ari dira gainerako herritarrekin batera. Espazioa «gero eta gehiago» egokitu ahala, "proiektu gehiagok lekua edukitzea" nahi dute, Tenak dioenez. Datozen hilabeteetan egingo dute lan hori.