Zapatuan egingo dute udalbatza berria eratzeko kargu hartze ekitaldia

Mireia Galarza Bastida 2023ko eka. 15a, 09:00
Udaletxearen etxaurrea.

12:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian. Iñaki Ostolaza izango da Zumaiako alkatea datorren agintaldian ere. EH Bilduk hamar hautetsi izango ditu 2023-2027 agintaldian, eta EAJk, berriz, sei. PSEE-EEk zinegotzi bat izango du. Hainbat udal ordezkari berriak izango dira.

Udal bozak pasatu eta ia hiru astera, zapatuan, ekainaren 17an, egingo dira udalbatza berriak osatzeko kargu hartze ekitaldiak. Zumaian ere larunbatean egingo dute, 12:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian. Hain zuzen ere, egun eta ordu horretan hartuko dute kargua 2023-2027 agintaldian Zumaiako udalbatza osatuko duten hautetsiek.

Iñaki Ostolaza izango da Zumaiako alkatea datorren agintaldian ere. Ondorioz, hark jasoko du aginte makila berriro ere, EH Bilduk gehiengo osoz irabazi baitzituen bozak maiatzaren 28an. Aurreko agintaldian baino zinegotzi bat gehiago izango du koalizioak, eta bat gutxiago EAJk. PSEE-EEk, bere aldetik, zinegotzi kopuru bera izango du datorren agintaldian, bakarra.

Zinegotzietan, baina, aldaketak izango dira hiru alderdien kasuan. 2019-2023 agintaldian udal hautetsi izan diren hainbat kidek ez dute karguan segituko. Honako hauek utziko dute udaleko jarduna: EH Bilduko Arritxu Iribarrek, Maddi Aldalurrek, Arantxa Gajatek, Maider Alberdik eta Alex Olidenek; EAJko Oier Kortak, Aitziber Odriozolak, Cristina Vicentek eta Gotzon Enbilek, eta PSE-EEko Arritxu Marañonek. 

Horrenbestez, hainbat hautetsi berri izango dira hurrengo agintaldian Zumaiako Udaleko ordezkari. EH Bildu ordezkatuko dute udalean lehen aldiz Argi Yeregik, Aitor Manterolak, Maite Egañak, Unai Larrañagak, Nerea Goiriak eta Itziar Etxabek eta EAJ, berriz, Joxemi Antiak, Xabier Odriozolak, Mireia Aranbarrik eta Ander Olaizolak. PSE-EEn, berriz, Duñike Agirrezabalaga izango da hautetsi berria. 

Honako herritar hauek osatuko dute udalbatza berria: