Ekintzaz betetako Bizikleta Eguna

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 4a, 08:36

Bi gurpilen gainean ibiltzea gustuko dutenek pagotsa izan zuten atzokoan, goizetik iluntzera hainbat jarduera egin zituztelako herrian bizikleta protagonista hartuta. Arratsaldean kimu eta infantil mailako txirrindulari proba ere izan zen, eta herriko taldekoak fin aritu ziren.

Bizikleta irteerak, zirkuitu eta ginkanak, jolasak, ikuskizunak eta probak... Bizkleta zaleek gozatua hartu zuten atzo Zumaian Bizikleta Egunari esker. Paella jana ere izan zen indarrak hartzeko.

Eusebio Gurrutxaga plaza izan zen ekintzen kokalekua; salbuespena, arratsaldeko txirrindulari proba. Hori errepide nagusian egin zuten –Axular etorbidean–, eta Zumaiena ikastetxearen atzealdetik aldapa gora ere ibili ziren kimu eta infantil mailako kirolariak.

Bero handiarekin jokatu zuten proba txirrindulariek, baina sari banaketarako irrifarrea prest zuten gaztetxoek.

Infantil mutil zein nesketan etxekoak nagusitu ziren, Viveros San Antonekoak igo baitziren podiumera: Amets Alberdi izan zen bizkorrena, Unai Egañak egin zuen bigarren, eta Borja Osak, hirugarren. Nesketan Laia Zumetarentzat izan zen garaipena.

Alebin mutiletan aurrena Irunes taldeko Daniel Diaz izan zen, bigarren talde bereko Iban Villafranca, eta hirugarren, Hiruki taldeko Eñaut Soroa. Mikel Egaña zumaiarrak laugarren amaitu zuen proba. Benjaminetan, Inge Zumeta izan zen aurrena, Zumaiako elkartekoa hori ere (aizarnazabaldarra).

Nesketan, Jule Zubeldia zarauztarra izan zen bizkorrena alebinetan, bigarren Inge Zumeta herriko taldekoa, eta hirugarren, Leire Galeano Hiruki taldekoa.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Onintza Lete Arrieta/UKT)