Gaur da Emakumeon* Etxeak antolatutako pala txapelketan izena emateko azken eguna

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 23a, 12:30

Ekainean zehar izango da bosgarren edizioa, eta mailaren arabera banatutako bi txapelketa jokatuko dira. Bestelako eskaintza ere izango da, yoga ikastaroa, esaterako.

Aurreko urteetako bideari jarraituz, emakumeen pala txapelketa antolatu du aurten ere Zumaiako Emakumeon* Etxeak. Bosgarren edizioa beteko du, eta azken urteotan egin bezala, ekainean zehar jokatuko da. Gaur izango da txapelketan izena emateko azken eguna. Interesdunek maiatzaren 23ra arte izango dute apuntatzeko aukera Emakumeon* Etxean bertan, 633 43 27 62 telefono zenbakira deituta, edo  info@zumaiakoemakumeonetxea.eus  helbidera idatzita. Txapelketa bikoteka bada ere, banaka ere izango da apuntatzeko aukera, eta kasu horietan antolatzaileak aduratuko dira bikotea egiteaz. Pertsonako sei euro ordainduko dira. 

Lehen eta bigarren sailkatuentzako sariak egongo dira, otarrak eta Gertu merkatarien elkarteak emandako erosketa txartelak.

Yoga ere bai

Pala txapelketa ez ezik, yoga ikastaroa ere izango da datorren hilean. Hiru ostegunetan elkartuko dira –ekainaren 1, 8 eta 15ean–, goizez, 9:30etik 11:30era, eta Yoana Iturain irakaslearen eskutik, solasaldiak nahiz ariketa praktikoak egingo dituzte. Eguraldi ona eginez gero hondartzara gerturatuko dira, eta batik bat, sexualitatearen, arnasaren nahiz sentimenduen jabe izaten ikasteko baliagarria izango da ikastaroa. Izena emateko, emailez idatzi, telefonoz deitu edo Emakumeon* Etxera bertaratu beharko da.