"Maitetxuk bitxi izan nahi du, eta elegante"

Iker Tubia - Berria 2023ko mai. 18a, 15:30

Bartzelonako Euskal Etxean irri algarak eragin, eta dantzan paratzen du jendea Maitetxuk. Plazaolak uste du 'drag'-a egiteko "poliedrikoa" izan behar dela, eta bera bada. 'Drag' eszenaren "berpiztea" bizi du.

Euskal Herrian sortu zen Txomin Plazaola (Zumaia, Gipuzkoa, 1978); Bartzelonan, Maitetxu drag queen-a. Hilean behin Euskandalo ikuskizuna ematen du Bartzelonako Euskal Etxean, euskal kultura ardatz edo aitzakia hartuta. Ostiralean ospatu zuten urtemuga: ikusleei banan-banan harrera eginda, Maitetxu mía doinuarekin egin zuen bidea jende artean. Jarraian, musika, dantza, umorea, haren mingain zorrotza eta takoi desfile lehiaketa izan ziren. Bukatzeko, patxarana.

Nolatan hasi zen Euskandalo?

Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko Eneko txikitako laguna dut. Hark esan zidan gauza berriak egiteko gogoa zutela.

Drag queen aritzen zinen?

Oso utzita neukan. Festa batean host aritzen nintzen: atean egoten nintzen, eta barruan, dantzan.

Maitetxu izan zara beti?

Beste izen bat nuen, baina, hura ez zegoenez aktiboan, festa honekin garatu zen Maitetxu, euskal kutsua edukitzeko. Polita iruditzen zitzaidan izena, Mocedadesen kanta hasieran erabiltzeko, sintonia gisa.

Espero zenuten arrakasta?

Beti izan da test bat. Hasieran showa eserita zen, baina konturatu ginen festa kutsuak dibertigarriago egiten zuela. Oso kontentu gaude, hilero betetzen delako eta erantzuna oso ona delako. Hil honetako sarrerak 12 orduan bukatu ziren!

Hori zergatik? Uste duzu drag-ak bultzada berri bat izan duela?

Drag eszenaren berpizte bat egon da azken bost urteetan. 90eko urteetan oso indartsua zen, baina dagoeneko apalduta zegoen. Uste dut Rupaul's Drag Race-ren arrakastak bultzatu duela. Azken urteak sekulakoak izan dira: Bartzelonan milaka daude, eta ez dago festarik, ez gay festarik, ez dago festarik drag edo performer-ik gabe.

Hemen irakurri daiteke elkarrizketa.