Garaipenak erdietsi zituzten Goikoetxeak eta Lopezek Donostia Grand Slameko lehen jardunaldian

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 16a, 16:00

Donostiako Balda frontoiko ikuspegia pasa den larunbateko jardunadian. (Jai Alive)

Donostia Grand Slam zesta-punta txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen pasa den asteburuan Donostiako Balda frontoian. Zumaiako bi puntista handiek, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek, garaipenak lortu zituzten beraien partidetan.

Larunbatean abiatu zen Jai Alai World Tourrerako puntuagarria den Donostia Grand Slam zesta-punta txapelketa Donostiako Balda frontoian jokatu ziren lehen partidekin. Txapelketa honetan arituko diren Zumaiako bi puntistek partidak izan zituzten, baita biek irabazi ere. 

A multzoko partidan, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Gorkak Erkiaga eta Bailoren aurka jokatu zuten. Azken hauek aurretik zihoazen lehen setean, baina Bailok arazoak izan zituen bere erremintarekin, eta horren ondoren Goikoetxeak eta Gorkak aurrea hartu zuten, lehen seta 11-15 emaitzarekin irabaziz. Bigarren setean berdintasun handiagoa izan da. Goikoetxea eta Gorka aurretik ziren markagailuan, baina Erkiagak eta Bailok erreakzioa izan zuten, eta 14-12 ere jarri ziren aurretik. Azken hiru tantoak, baina Goikoetxeak eta Gorkak egin zituzten (14-15) eta bi set eta huts emaitzarekin irabazi zuten partida.

Bigarren partidan, B multzokoan, Johan eta Imanol Lopez Olharan eta Basqueren aurka neurtu ziren. Berdintasuna izan zen lehen setean, eta Olharan eta Basque aurretik joan ziren arren, seta Johan eta Lopezentzako izan zen (15-13). Bigarren setean nagusi izan dira Johan eta Lopez, eta 15-6 emaitzarekin nagusitu ziren.

Datorren larunbatean (18:00etatik aurrera) jokatuko da Donostia Grand Slameko bigarren jardunaldia. A multzoan, Goikoetxea eta Gorka Barandika eta Zabalaren aurka arituko dira, eta B multzoan, Johan eta Lopez, Erik eta Lekerikaren aurka.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide