Donostiako Grand Slamean izango dira Goikoetxea eta Lopez

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 13a, 08:00

Donostia Grand Slamaren aurkezpena. (Argazkia: Donostiako Udala)

Gaur hasiko da txapelketa Amara Berriko Carmelo Balda pilotalekuan, eta Goikoetxea-Gorka bikoak Erkiaga-Bailo izango du aurkari. 

Aste honetan bertan aurkeztu dute gaur hasi eta ekainaren 17ra bitarte jokatuko den Donostiako Grand Slam zesta punta txapelketa. Amarako Carlmelo Balda pilotalekuak hartuko ditu partida guztiak, eta hamabi puntista ariko dira binaka, nor baino nor. 

Horien artean dira Goikoetxea eta Lopez puntista zumaiarrak. A eta B multzoetan ariko dira, hurrenez hurren. Gaur arratsaldean izango dituzte neurketak biek ere: Goikoetxeak Gorkarekin osatuko du bikotea, eta Erkiaga-Bailo izango dituzte aurkari lehen partidan; Lopez, berriz, Johanekin arituko da, Olharan-Basqueren aurka norgehiagokan. 

Gero, maiatzaren 20 eta 27an ligaxka egingo dute ekainaren 3ko finalerdietarako bi multzoetako bikote onenak hautatzeko, eta ekainaren 17an jokatuko dute final handia. Saio guztiak 18:00etan izango dira, eta sarrerak salgai daude 10 euroren prezioan.