Mady Diame: "Inork esaten badizu boxeoan beldurrik edo urduritasunik ez dagoela, gezurretan ari zaizu"

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 14a, 15:00

Senegalen jaioa 1998. urtean, 2014an iritsi zen Zumaiara bizitzera. Aitak animatuta hasi zen boxeoa praktikatzen, eta gaur egun Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetako borrokaldiak jokatzen ditu.

Elkarrizketa hau martxoko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Nolatan hasi zinen boxeoaren munduan?

Gure aita aritzen zen boxeoan, eta berak animatu gintuen. Nik taekwondo gogokoago nuen, baina bi urteren ondoren eskola itxi zuten, hemen, Zumaian. Hor animatu ninduen aitak boxeoan hastera. Ruben [Arredondo, Zumaia Cuban Boxing klubeko arduraduna] ezagutzen zuen aitak, eta berak ekarri ninduen. Entrenatzen hasi nintzen, ikusi nuen oso giro ona zegoela, eta azkenean engantxatu egin nintzen. 

Kirol biolentoa izatearen fama du boxeoak. Horrek ez al zintuen beldurtu hasiera hartan?

Hori da hasieran pentsatzen nuena, biolentoa zela boxeoa. Egia da kontaktuko kirola dela, hori inork ez du zalantzan jarriko, baina entrenamenduetan ez da inoiz borrokarik-eta izaten; ia jolasean ibiltzen gara gure artean. Azkenean, mugak daude, bete beharreko arauak ere bai: ezin duzu era honetan kolpatu, beste modu honetan ere ez, bestela, kanporatu egiten zaituzte. Hasieran bai, beldur pixka bat banuen, baina gero, behin probatuta, ikusten duzu ez dela hainbesterako.

Boxeoan hasi zinenean ba al zenuen ringera igotzeko asmorik? Edo nahikoa zenuen entrenamenduekin?

Hasieran entrenatzearekin nahikoa nuen; ez nekien soka saltoan ibiltzen ere. Gero, lagunak-eta ikusten nituen boxeoan, Josu, Jon… Haiengandik oso urruti nengoela uste nuen, baina Rubenek esaten zidan dena praktika kontua zela, praktika eta jarraikitasuna. Hasi eta urtebetera maila hobea nuen; hainbeste gustatzen zitzaidan, ringera igotzera animatu bainintzen. Aitari esan nionean poztu egin zen: "Ikusten dut orain gustatzen zaizula", esan zidan. Lehen borrokaldia, oker ez banago, Astigarragan izan nuen, eta gurasoak joan ziren ikustera. Aita gehiagotan etorri da; ama, ez. Semea kolpeak jasotzen ikusteak ez dio graziarik egin.

Nola gogoratzen duzu lehen borrokaldi hura?

Oso sartuta nengoen borrokan. Gogo handiak nituen, eta irabazi ere egin nuen. Galdetu zidaten ea urduri nengoen, eta ez, ikasitakoa praktikan jartzera joan nintzen. Urduritasuna banuen, noski. Inork esaten badizu boxeoan beldurrik edo urduritasunik ez dagoela, gezurretan ari zaizu. Beldurra duzu, aurkari bat duzulako aurrean eta hark ere dena emango duelako. 

Borrokaldi batean kolpeak jasotzen ari bazara, erraza izaten al da kontrola mantentzea? Zoro-zoroan eta kontrolik gabe erasotzeko arriskurik ez al dago?

Tentsio une horretara ohitu egiten zara azkenean. Lasai egon behar duzu, buru hotzarekin. Beti egoten naiz horrela, burua hotz mantentzen saiatzen naiz. Eraso egiten dut, mugitu, defendatu. Une batean pentsa dezakezu hiltzera joan behar duzula, baina ez da horrela egin behar. Burua galtzen duzu, eta teknika jarraitu beharrean, besoak beherantz dituzula joaten zara eta hor gehiago jasotzen duzu. Borrokaldia galtzeko arrisku handia izaten da hor. Behin edo beste gertatu zait: aurkaria zirikatzen ari zitzaidan, eta hain urduri jarri nintzenez, erasotzera joan nintzen; baina Rubenek heldu eta lasai egoteko esan zidan. Garrantzitsua da burua argi edukitzea, bestela jaso egiten duzu eta. 

Boxeoan ametsik ba al duzu?

Gauza asko. Bereziki, Madisonen [Madison Square Garden, New Yorkeko areto mitikoa] borrokatzea! Mady Madisonen! Boxeoak ez du sekreturik: lana, lana eta lana egin behar duzu. Larunbatetan eta igandeetan izan ezik, egunero entrenatzen dut. Beno, larunbat batzuetan ere bai.  Boxeoan jarraitzeko asmoa daukat; oso sartuta nago, eta entrenamendu batean huts egiten badut, uf, sumatzen dut zerbait falta dudala. Abenduan oporrak hartzen ditugunean beste zerbait egin behar izaten dut: mendira joaten naiz korrika egitera, edo kiroldegira... Ez naiz geldirik egoten.