"Sauna ez da kiroldegietako osagai estetiko bat, askoz esperientzia sakonagoa baizik"

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 13a, 10:00

Mia Rissanen eta Joseba Ossa, Artatzako kanpineko saunaren sarreran. (Joseba Ossak utzitakoa)

"Finlandiatik Euskal Herrira, bidaia bat saunaren bihotzera", irakur daiteke Sauna on! liburuaren azalean. Eskandinaviara egindako bidaian ezagutu zuen Joseba Ossak, liburuaren egileak, sauna, eta horren inguruko hainbat gai landu nahi izan ditu Kristina Berasain kazetariaren, Juan Luis Blanco diseinatzailearen eta Elena Rodriguez ilustratzailearen laguntzarekin iaz argitaratu zuen liburuan.

Elkarrizketa hau otsaileko Baleike aldizkarian argitaratu zen. 

Zerk eraman zaitu saunaren inguruko liburu bat idaztera?

Finlandian bizi izan nuena konpartitzea izan zen lehen motibazioa. Hain esperientzia ederra izanik, hemen konpartitzeko gogoa piztu zitzaidan, baita hainbat estereotipo hausteko gogoa ere. Izan ere, oso bestelako ikuspegia daukagu hemen, eta sauna bere sakontasunean ezagutzera emateak merezi duela iruditu zitzaidan. Gainera, gogoeta existentzial-filosofiko batzuk egiteko aukera polita ere iruditu zitzaidan, eta ez nuen horretarako aukera galdu nahi.

Zein da zure harremana saunarekiko? Noiz eta nola sortu zen harreman hori?

Gaur egun oso harreman sendoa eta iraunkorra dela esango nuke, 35 urte iraun baitu, bikotearenak bezalaxe. 1987an sortu zen, Finlandian, hainbat leku eta testuingurutan izandako esperientziei esker: ekologisten kanpaldi batean, Eliza luteranoaren gazte zentro batean, sauna publikoetan eta Mia emaztearen familiarekin izandako esperientzietan, batez ere.

Sauna mota desberdinak egongo dira, baina kasu honetan, finlandiarraz hitz egiten duzu. Zergatik? Berezitasunik-edo ba al du sauna finlandiarrak?

Bainu bero mota asko daude munduan, kultura askotan, eta historian zehar ere asko existitu dira, hainbat lekutan oker ulertutako arrazoi moral batzuen ondorioz desagertu badira ere. Gaur egun bizi-bizirik diraute arabiarren hammama-k, errusiarren bania-k, Ameriketako temazkala eta sweat lodge delakoek, Japoniako ofuroa-k, bainu turkiarrak eta abarrek. Antzekoak ere badira, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu. Kurioski, Finlandian itxura eta ezaugarri berezi batzuk hartu zituen, eta oso bertako bihurtu zen. Hain zuzen ere, sauna hitz finlandiarra da, eta horrela zabaldu da mundu osoan, hitz horrekin. Ez dugu bainu finlandiarra esaten, ezta sauna errusiarra ere, nahiz eta batzuetan elkarrengandik bereiztea zaila egiten den.

Saunaren inguruan kultura hitza erabili izan duzu. Finlandian saunaren kultura bat dagoela esan al daiteke?

Bai, eta horixe azpimarratu nahi izan dut liburuan: ez dela kiroldegietako osagai estetiko bat, askoz esperientzia sakonagoa baizik. Finlandiar asko saunan jaio izan dira historian zehar, eta gorpu asko eraman dituzte hara garbitzera, lur eman baino lehen. Astero hartu ohi dute sauna. Sozializatzeko eta elkarrizketa sakonak izateko leku aproposa da. Alkoholaren beharrik gabe barruak husteko ere erabiltzen dute. Urtean zehar sauna hartzeko data berezi batzuk dituzte… Horrek guztiak (eta gehiagok) nolabaiteko kultura bat sortzen du, eta kultura sakona, gainera.

Finlandiarren tenplu edo monasterio bezala ere definitu duzu sauna. Errito erlijioso baten moduan hartzen ote dituzte saunak?

Ez nuke esango gaur egun errito erlijiosoa denik, zentzu klasikoan. Garai batean bai, kristautasuna iritsi aurretik ba omen zuen halako kutsu bat. Gaur egun ez da berdina, baina hori bai, ondo uztartu da haien tradizio erlijiosoarekin. Elizak ez du saunaren biluztasuna demonizatu, debekatu. Batzuentzat bada nolabaiteko errituala (hemen txikiteoa, manifestazio batera joatea edo futbol partida bat ikustea bezala). Asteroko errituala da batzuentzat. Orduan, errito erlijiosoa ez, baina iruditzen zait praktika espiritual moduko bat badela. Izan ere, monasterio edo tenplutik badu pixka bat saunak: kontenplaziorako leku pribilegiatua dela esango nuke, eguneroko zurrunbilotik atera, eta barrura begirako bidaia txiki bat egiteko aukera. Baita naturaz isiltasunean gozatzeko lekua ere. Gure sakon-sakonean daramagun zera horrekin konektatzeko lekua.

Behin lagun bati galdetu nion ea Finlandian ez duten monasteriorik, eta esan zidan natura eta sauna direla beraien monasterioak. Zer pentsatua eman zidan. Beste batek, berriz, esan zidan sauna dela beraien Zen momentua, Zen lekua: sinpletasuna, isiltasuna, meditazioa, deskonexioa, bakea… Eta hori ere oso ideia erakargarria eta polita iruditu zitzaidan.

Ossa Rissanen familiak argazki zaharrek ikusten. (Joseba Ossak utzitakoa)

Ez dute osasunarekin bakarrik lotzen saunan sartze hori. Beste zerbait gehiago ere bada, beraz. Akaso beraien kulturaren zati handi bat?

Esango nuke osasunaren alderdi hori badela beraien kulturaren osagaia. Adibidez, badira bi esaera zahar (gutxienez) horrekin lotuta: "Sauna da pobrearen farmazia" eta "Saunak, pattarrak edo mundrunak sendatzen ez badu, gaixotasun horrek ez du sendabiderik". Atera kontua zenbateraino duten sartuta beraien kulturan, eta osasunarekin lotuta. Baina askoz gehiago ere bada. Saunak nonahi daude: lantokietan, diputatuen parlamentuan, elizetan, jatetxe batzuetan, noria batean, ibilgailu batzuen barruan… Oso txertatuta dago beraien kulturan.

Sauna inportatu nahi izan duzu Euskal Herrira. Oker ez banago, Arroa Beheko etxean baduzu sauna bat, baita Nafarroan duzun kanpinean ere. Nola okurritu zitzaizun, eta zer erantzun izan du?

Bueno, inoiz ez dut inportatzeko asmorik izan, baina hala gertatu da. Arroako etxean duela ia 30 urte jarri genuen sauna, eta handik jende asko igaro denez, batzuei interesa piztu zitzaien, eta horrela hasi nintzen estufak ekartzen, lagunentzat (31ra iritsi arte). Pixkanaka zabaltzen joan ziren, eta halako batean, salto kualitatibo bat emateko ordua iritsi zen: "Eta sauna publiko bat egingo bagenu, Euskal Herriko txoko eder eta apropos batean?". Artatzako kanpina ezagutu, eta berehala maitemindu nintzen leku harekin. "Hauxe da leku apropos-aproposa horretarako", pentsatu nuen. Haiekin hitz egin, eta di-da, martxan jarri genuen. 10 urte igaro dira, eta ehunka, milaka lagunek gozatu dute esperientzia horretaz.

Hemengo jendeari erraza egiten al zaio saunara sartzea, edo oraindik ere arrotza egiten zaion zerbait da?

Denetarik dago, jakina. Baina esango nuke oraindik tabu eta estereotipo batzuk direla nagusi. Batetik, kirol eta estetika kontuekin lotzen da, batik bat. Edo esperientzia exotiko modura ikusten da, eta esnobismoan erortzeko arrisku handia dago. Bestetik, askok uste dute kiloak galtzeko modua dela, izerdia horrekin lotzen dutelako, baina hori ez da horrela.

Bakarrik egonda bai, baina jendearen aurrean biluzte hori… Lotsa uxatu beharko da, agian.

Bai, hala da. Denetarik dago, baina, oro har, biluztasunarekin arazoak ditugu oraindik. Etxetik hasita. Guraso eta seme-alaba edo senide askok ez dute inoiz biluzik ikusi seniderik heldutan. Txikitatik ezagutu duenak normalizatu egiten du, gure seme-alabek bezala. Baina hori etxetik ez dakarrenari asko kostatzen zaio biluztasuna konpartitzea, batez ere ezezagunekin, berehala egiten delako sexuarekiko lotura. Eta sexuak tabu izaten jarraitzen du. Finlandian, aldiz, biluztasunaren kontua askoz normalizatuagoa daukate, naturalagoa da.

Nola planteatu duzu liburua? Saunaren alde osasuntsua lantzeko erabili duzu, edo beste alde batzuk ere lantzen dira?

Osasun kontuek ere badute lekutxoa, baina txikia dela esango nuke. Lehen atala Finlandiako saunaren kulturaren ingurukoa da (historia, ohiturak, bitxikeriak…). Bigarren eta hirugarren ataletan Euskal Herriko hainbat esperientzia jasotzen dira. Geure familiatik hasita, Arroako saunaren inguruan, eta gero beste 11 kasu ere agertzen dira, argazkiz ilustratuta. Azkenik, poesia eta kontakizun labur batzuen bidez neure esperientzia eta bizipen pertsonalen berri ematen dut. Nire sauna intimoa deituko nukeena da, poetikoagoa, eta ilustrazioz apainduta.

Finlandiaren historia edo zuk Finlandiarekin duzun harremana ere jasotzen al duzu bertan?

Bai, zeharka bada ere, historia eta istorio ugari agertzen dira, elkar gurutzatuz. Neure eta beste pertsona batzuen istorio pertsonalak Finlandiaren historiarekin lotzen dira: independentzia, gerrak, tentsio geo-politikoak, gorabehera politikoak, gogoeta pertsonala… Denak harilkatzen dira liburuan zehar.

Kristina Berasain kazetaria, Juan Luis Blanco diseinatzailea eta Elena Rodriguez ilustratzailea izan dituzu bidelagun. Zer aportatu du bakoitzak? 

Kristinak izugarrizko lana egin du kazetari modura: banan-banan bisitatu ditugu liburuan elkarrizketatzen diren pertsona eta leku guztiak. Elkarrizketa horietatik erreportaje bikainak egin ditu, bakoitzaren altxor ezkutuak atera eta balioa nabarmenduta. Izugarria iruditu zait bere lana. Bestetik, Juan Luisek tipografia berezi bat landu du liburu honetarako (munduan bakarra, alegia!) eta hori ere marka da! 

Bestetik, diseinua eta maketazio lan bikaina egin du, bere fintasuna agerian utzita. Eta hori bakarrik ez: poesien gaztelaniazko bertsioak ere bereak dira, horretan ere abila baita. Azkenik, Elena Rodriguezek egin ditu ilustrazioak, poesia eta kontakizun laburren atala ezin irudi ederragoz jantziz. 

Oso talde lan ederra eta atsegina izan dugu, eta emaitzarekin oso pozik gelditu gara.